Kaiolatik Winter Series jaialdia egingo dute bihar, bigarren urtez

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 26a

Elektropeña Kaiolatik Winter Series jaialdian (Aritz Mutiozabal)

Iaz bezala, Frontoi Txikin ospatuko dute musika ekitaldia, 18:00etatik 21:00etara. Elektropeña eta Rubio ariko dira disko jartzaile lanetan.

Udako Kaiolatik musika elektronikoaren jaialdi ezagunak neguko segida izan zuen iaz estreinakoz, eta Frontoi Txikin ospatu zuten Kaiolatik Winter Series izenburupean, Jon Peñagarikano Elektropeñaren ekimenez eta Arraio irratiarekin lankidetzarekin. Estreinako ekitaldian Elektropeña bera aritu zen pintxatzen, eta berarekin batera, Azkoitiko Munizio izan zen.

Neguko saioa oparoa izan zela eta frointoia jendez bete zela ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute. Hala, bihar arratsaldean Frontoi Txikin bertan Kaiolatik Winter Seriesen bigarren aldia ospatuko dute. Oraingo honetan ere Elektropena ariko da soinu mahaian, "luze eta zabal aritzea gustuko" duelako, kartelean iragarri duten arabera, eta baita Rubio ere. Honen kasuan, "pilota arin eta bihurriak" maite omen ditu.

Jaialdia 18:00etan hasiko da eta 21:00era arte luzatuko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide