'Gabon dut anuntzio' irakurraldi musikatua izango da Sanz Enean

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 22a

Bitoriano Gandiaga (Sabino Arana Fundazioa)

Jose Luis Padron poetak, Garazi Navas akordeoilariak eta Arrain Zopa kantu taldeak Bitoriano Gandiagaren Gabonetako eta Eguberritako ingurua eta bizipenak biziberrituko dituzte bihar kantuz, soinuz eta hitzez. Emanaldia 18:30ean hasiko da.

Zarauzko Sanz Enea liburutegiak ekitaldi berezia antolatu du biharko, Gabonei ongietorria literaturaz eta musikaz emateko. Hori horrela, Gabon dut anuntzio (Bitoriano Gandiaren poesia Gabon-bezperako airean) irakurraldi musikatua egingo dute Jose Luis Padronek, Garazi Navasek eta Arrain Zopa kantu taldeak.

Bitoriano Gandiaga idazleak 70eko eta 80ko hamarkadetan Gabon jaien pozak, orduko burutapenak eta sentipenak eragindakoak agur gisa bidaltzen zizkien adiskideei edo senideei. Atsegin-atsekabezko oharrak ziren, Eguberrietako oroitzapenak, neguko solstizioaren eta Jesusen jaiotzaz egindako olerki eta kantuak, eta  Gabonetan zerbait idazteko ohiturari eusteko beste helbururik  ez zutena. Bertso, letra eta zirriborro horiek bildu, ordenatu eta Gabon dut anuntzio liburuan argitaratu zituen 1986an. 

Orain, Jose Luis Padron poeta eta eusko ikasgaietan adituak, Garazi Navas Musikenen lizentziatutako akordeoilariak eta Arrain Zopa kantu taldeak Gandiagaren Gabon eta Eguberritako testuingurua eta bizipenak biziberrituko dituzte kantuz, soinuz eta hitzez. 2026an beteko dira 25 urte Bitoriano Gandiaga hil zela. Beraz, ekitaldiak omenaldi xume bat ere izan nahi du Arantzazuko poetaren bere ibilbidea eta aparteko ekarpena hobeto ezagutu, gogoratu eta eskertzeko.

Emanaldia 18:30etik aurrera izango da, eta sarrera librea izango du, jarlekuak bete arte. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide