Euskadiko Harri Handien Txapelketa jokatuko zen atzo arratsaldean Asteasuko Usarrabi pilotalekuan, eta Gari Garmendia idiazabaldarrak Gipuzkoako Txapelketan erakutsitako nagusitasun berarekin irabazi zuen. Jokin Eizmendi zarauztarrak ez zizkion gauzak erraz utzi, eta azkenera arte indartsu lehiatua zen. Zoritxarrez, ezin izan zuen bere azken lehia –txapelketa mundua uztea erabaki du– garaipen batekin biribildu, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Sergio Mielgo madrildarra, berriz, hirugarren izan zen, aipatu beste bien markengatik nahiko urruti.
Garmendiak 7.100 kilo altxatu zituen guztira; hau da, sei jasoaldi errektagularrarekin, hamahiru zilindroarekin, hamar kubikoarekin eta hamazazpi bolarekin. Eizmendik, bere aldetik, 6.750 kilo altxatu zituen; zortzi jasoaldi errektagularrarekin, hamar zilindroarekin, hamaika kubikoarekibn eta hamalau bolarekin. Mielgok, azkenik, 3.775 kilo lortu zituen; hiru jasoaldi errektagularrarekin, bost zilindroarekin, zazpi kubikoarekibn eta hamar bolarekin.
Sari banaketarekin hasi aurretik, harri-jasotzaile zarauztarra Usarrabi pilotalekua bertaratu ziren guztien aurrean agurtu zen, harri bola haien aurrean altxata erakustaldia eskaini ondoren. Jarraian, plazaz plaza lagun izan dituen harri jasotzaileek eta Ostolaza harri jasotze eskolako kideek omenaldia egin ziote. Aurreskua, saskia eta txapela eskaini zioten une benetan hunkigarriak sortuz, non Eizmendi biziki eskertuta agertu zen
Bestalde, eguneko txapelketa hasi aurretik, Iturengo Estefania Etxebeste harri jasotzaileak marka ahalegina egin zuen, eta baita lortu ere. Izan ere, 150 kiloko harria errektagukarra birritan altxatzea lortu zuen.
Argazkiak: Ibon Errazu