Salbatore Mitxelena ikastolak antolatuta, Neguko Azoka egin dute gaur goiz-eguerdian Frontoi Txikin. Iragarpenak ez ziren batere positiboak eta azkenean euria egin du, baina hori ez da oztopo izan jaia egiteko. Hainbat karpa atondu dituzte herriko frontoian, eta horrelaxe moldatu dira bertaratu diren orori ongietorria egiteko.
Santo Tomas eguna izanik, taloa txorizoarekin jateko aukera ederra eskaini dute, edo aukeran, txokolatearekin. Horretarako, hainbat boluntario aritu dira taloa jotzen, guztiek dastatzeko aukera izan zezaten. Era berean, talo tailerra egon da, eta norberak bere taloa egiteko aukera izan du. Horrez gain, taberna jarri dute, artisau azoka egon da eta ikastolako DBH 4ko ikasleek postutxo bat jarri dute haiek egindako postreekin.
Herritar dezente gerturatu da azokara, eta euriaren erruz karpan leku gabe geratu direnek aterkipean edo inguruko eraikinetan bilatu behar izan duten aterpea. Gainerakoan, giro ona eta atsegina nagusitu da goiz osoan zehar.