Laugarren urtez, Gabonetako Kontzertu Solidarioa eskaini zuen atzo iluntzean Zarautz Abesbatzak Frantziskotarren elizan, eta aurtengoan ere herritarrek bikain erantzun zioten elkartasun hitzorduari. Urtero herriko elkartea eta egitasmo solidario bati lagundu ohi dio Zarauzko Abesbatzak, eta atzoko emanaldia, Zarautz-Palestina herri ekimenarekin elkarlanean, Palestinaren alde egin zuten.
Abesbatzako hiru taldeek parte hartuko zuten –Zarautz Abesbatzak, Zaraztek eta Txinpirinek– kontzertuan, eta hauei laguntzen, Imanol Urbieta Udal Musika Eskolako hamar biolin jotzaile, Getariako Musika Bandako Martina Salsamendi oboe jotzaile oriotarra eta Zarauzko Musika Bandako Haitz Lertxundi txinatar bonboarekin. Era berean, herriko plaza dantzariak parte hartu zuten emanaldiaren zati batean.
Emanaldian zehar, Gabonetako kantu ezagunez eta horren ezagunak ez direnez gozatzeko parada izan zuten bertaratu ziren guztiek, hiru abesbatza taldeen eskutik; Leire Dominguez, Antxon Sarasua eta Jaione Eskudero aritu ziren zuzendari lanak egiten.
Sarrera doakoa izan zen, eta kontzertuaren amaieran jendeak dohaintza egiteko aukera izan zuen Zarautz-Palestina herri ekimenak eliz atarian jarri zuen mahaian. Era berean, kontzertuaren eskuorrian ere kontu korronte zenbaki bat ere jarri zuten ekarpen ekonomikoan egiteko: ES05 3035 0083 24 08301 40015. Ateratzen duten dirua Palestinara bideratuko dute, Mundu Bat Gobernuz Kanpoko Erakundearen bitartez.