Hamabost urte geroago, Amets Arzallusek berriz irabazi du Zarauzko Kopla Txapelketa. Lehen aldi hartan, Putzuzulon jantzi zuen zintzarria ,buruz burukoan Julio Sotorekin jardun ondoren. Oraingoan, berriz, Nafarroako txapeldun berria den Xabat Illarregi izan zuen aurrez aurre. Txapelketa honetan publikoa izan ohi da subiranoa, eta Arzallus izendatu zuten txapeldun.
Atzo iluntzean jokatu zen mundu bat biltzen duen kopla sariketa berezia Hiruputzu gaztetxean, hamazazpigarrenez. Ohi bezala, giro ona, umorea eta adar jotze itzelak izan ziren nagusi, bertso eta bertso artean, bertaratu ziren guztientzat gozagarri.
Arzallusekin eta Illarregirekin ez ezik, jendeak ederki pasa zuen Maddalen Arzallus, Aitor Zubikarai, Amets Aizpurua, Elixabet Etxandi, Eneko Lazkoz, Oihane Perea, Eli Pagola eta Aitor Mendiluzerekin ere. Baita Peru Gabirondo eta Irati Tolosa gai-jartzaileek eta musikariek jarritako erritmoarekin ere.