Gabonak gainean direla eta, astebetez aurreratu dute hilabete honetako ohiko osoko bilkura eta atzo arratsaldean egin zuten. Hiru aztergai nagusi izan zituzten, eta labur joan zen saioa, inolako eztabaidarik gabe. Izan ere, hiru puntuak aho batez onartu zituzten.
Nolabait esateko, udal barruko kontuak izan ziren onartu zituztenak. Alde batetik, Errege Lege Dekretuaren ondorioz, 2025 eta 2026 urteetako ordainsariak igotzea eta bestetik, 2026ko lanpostuen zerrenda. "Eudeletik jasotako gomendioari jarraiki, Errege Dekrekuak zehaztutako maximoak aplikatzea erabaki du Zarauzko Udalak udaleko langile guztiei", azaldu zuen Jesus Arana zinegotziak. Hala, enplegatuei %2,5eko igoera orokorra aplikatuko zaie 2025eko ordainsarietan, eta 2026ko urtarriletik aurrera beste %1,5eko igoera izango dute. Era berean, %0,5eko igoera gehigarria kontutan hartuko dute ministro kontseiluan hala erabakiz gero.
Udaltzain postu berria
Lanpostuen zerrendak onartzerakoan ez da aparteko gorabeherarik izaten, eta atzokoan ez zen izan. Baina Aranak "aipagarria" den zehaztapen bati eman nahi izan zion garrantzia puntu honetan. Udaltzaingoan mugikortasunean lanketa jarrai bat egiten ari direla gogora ekarri zuen, "organigrama hobetzeko eta herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko". Alor horretan lanpostu bati izena aldatuko diote, horrek dakartzan funtzio eta erantzukizun aldaketekin, eta lehen aldiz Larrialdi, Mugikortasun eta Berrikuntzako lehen mailako udaltzain bat izango du Zarautzek.
Era berean, hizkuntza eskakizunen mailan, zerrendan aldaketa bat egingo dute, eta Hizkuntzen Europako Erreferentziako marko bateratua baliatuko dute horretarako. Bestalde, kodeen zerrenda eta zer titulaziorekin bakoitza zer lanpostuetara aurkeztu daitekeen txukuntzeko lanketa egin dute.
Hirugarrenik, Zarauzko hiribideetako zirkulazioaren eta erabilerarren zenbait alderdi arautzen duen udal ordenantzaren egokitzapenari hasierako onespena eman zioten. Trafikoaren, ibilgailu motordunen eta zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloan dagoen sektoreko eta Espainiako estatuko legedian izan diren eguneratze edo aldaketetara egokitzeko beharra da ordenantza honen aldaketaren oinarria.
Idazkariaren agurra
Bilkuraren amaieran, Amaia Gorrotxategi udal idazkariari eskerrak eman nahi izan zizkion Xabier Txurruka alkateak, "udal idazkari izatearen bere lehen aroa gaur amaitzen baitu, zeren beste ardura batzuk izango baititu aurrerantzean Jaurlaritzan". Urte hauetan egidako lana azpimarratu zuen eta zorte ona opa zion denen izenean.
Gorrotxategik eskerrak eman zizkion korporazio guztiari, eta adierazi zuen entzuna eta baloratua sentitu dela hiru urte hauetan. "Ongi antolatutako udal bat topatu nauen etorri nintzen, eta urte hauetan lan asko egin dugu uste dut, gauza batzuk berritzaileak aurrera eraman ditugula ere", nabarmendu zuen.
Departamentu guztietako kideei eskerrak eman zizkien, eta batez ere bere departamentiukoei: Idazkaritzakoi eta HAZekoi. Idazkari gisa lan egitea erraza egin zaiola onartu du, " jende mudila adagoelako hemen". Zarauzko UIdaleak "kalitate profesional eta pertsonal handiko" jendea dagoela azpimarratu zuen. Ilusioz eta pozez doala azaldu zuen, baina "espero dut itzuliko naizela".