Euskal Timberreko lehenengo txapela bihar erabakiko da

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 19a

Asteazkenean egin zuten Euskal Timber txapelketako finalaren aurkezpena, Aritzbatalde kiroldegian. (Aritz Mutiozabal)

Momentuko hamasei aizkolari onenak lehiatuko dira, 18:00etan hasita, Aritzbatalde pilotalekuan. Kanporaketa sistema erabilita jokatuko dute finaleko jardunaldia.

Motozerra, trontza eta aizkora lanak. Hirurak bat eginda, abiaduraren eta indarraren orekarekin, eta tradizioari begira baina aurrerantz eginez. Euskal Timber kirol ekitaldi berriaren bezain ikusgarriaren final nagusia jokatuko dute bihar arratsaldean, 18:00etan hasita, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Aurrez aurre, momentuko hamasei aizkolari onenak ariko dira nor baino nor; kanporaketa sistema erabilita, final-zortzirenetan hasiko dira lehian binaka, eta horrela ariko dira, azken buruz burukora iritsi arte. G

Garikoitz Etxeberria Euskatloia elkarteko kideak eta Euskal Timberren bultzatzaileak jakitera eman duenez, modalitateak milioika jarraitzaile ditu nazioartean, eta AEBetan, Zeelanda Berrian edo Australian ongi errotuta dago. Edonola ere, hainbat aldaera ditu, eta Euskal Herrian antolatu duten estreinako aldi honetarako Sthil Timber Trophy eredua hobetsi dute.

"Lehenik, motozerrarekin enbor bat moztu beharko dute. Ondoren, aizkorarekin egur bat horizontalean; gero, trontza erabiliko dute; eta, bukatzeko, mozketa bertikala egingo dute", egin beharreko lau ariketak zehaztu ditu sustatzaileak. Probak araudi "oso zorrotza" duela gaineratu du Etxeberriak, eta ohikoak izaten direla deskalifikazioak edo kanporatzeak. "Hemen ez gaude horretara hain ohituta, eta, zentzu horretan, probari ikusgarritasuna ematen dion alderdia da, baita kirolariei zailtasuna areagotzen diena ere", gehitu du.

Joan den azaroaren 15ean kanporaketa jokatu zuten Astigarragan (Gipuzkoa), eta lehen norgehiagoka hartara aurkeztu ziren 23 kirolarietatik hamasei onenak sailkatu ziren finalerako. Horien artean daude Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra; azkoitiarrak sailkapeneko bigarren denbora onena lortu zuen, eta azpeitiarrak, berriz, bosgarrena. Lehiakideen zerrenda ondorengoek osatzen dute: Iker Vicente, Xabier Zaldua, Dani Vicente, Ibai Soroa, Eloy Corchero, Jokin Urretabizkaia, Eneko Saralegi, Oier Kañamares, Julen Kañamares, Manuel Fraile, Jesus Mari Lasa, Jon Zaldua, Mikel Agirre eta Ioritz Gisasola.

Antolatzaileek sarrerak aurrez euskatloia.com webgunean online erostea gomendatu dute, eta horretarako aukera bihar eguerdira arte egongo da. Helduen txartelak 27,50 euro balio du, eta haurrenak –7 eta 17 urte artekoenak– 17,50 euro; egunean bertan, leihatilan ere erosteko aukera izango da, baina sarreraren prezioa garestiagoa izango da, eta ez dute ziurtatzen guztientzat txartelak geratuko direnik.

Goi mailakoa

Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko Kirol zinegotziak adierazi du Euskal Timber txapelketaren finala herrian jokatzeko proposamena jaso zutenean ez zutela zalantzarik izan: "Tradizioa, berrikuntza eta ikuskizuna uztartzen dituen kirol ekitaldia zela ikusi genuen, eta argi geneukan gure erantzuna baiezkoa zela". Alde horretatik, "oso gustura eta pozik" agertu da zinegotzia, goi mailako kirolariak ariko direlako lehian, eta "errespetu puntu bat" ere ematen duela aitortu du, "ekitaldi handi bat hartuko duelako herriak".

Hori horrela, Illarramendik eta Etxeberriak herritarrak eta herri kirol zaleak animatu dituzte kirol hitzordura, giro paregabea sortuko delako. Gainera, Euskatloia elkarteko kideak argi du biharko kirol ekitaldia ez dela "errepikatzen erraza". Haren hitzetan, "hitzez azaltzea zaila den zerbait da, barrutik bizi eta sentitu beharrekoa".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide