Isuo: "Neurri batean, margo abstraktu bat bezala ikusten dut diskoa"

Juan Luis Romatet 2025eko abenduaren 18a

Ezkerretik, Iñaki Bargiela 'Bargi' eta Isuo, pasa den Durangoko Azokan. (Utzitakoa)

Iosu Isaias Villanuevak (Zarautz, 1987) Isuo izen artistikoarekin 'Suzko ikurra' bakarkako diskoa plazaratu du. Durangoko Azokan aurkeztu eta gero, datorren urtean eramango du zuzenekoetara.

Hainbat musika taldetan aritu zara, baina disko berria kantautore bezala atera duzu.

Kantautore moduan kaleratu dudan laugarren diskoa da hau. Lehenengoa bakarka atera nuen, bigarrena Eliarekin, txirula jotzaile valentziarrarekin, hirugarrena Kezmanekin, eta berri hau bakarka sinatu dut, Bargi abeslari antzuolarra kolaboratzaile izan badut ere. Baina denak neure lantzat hartzen ditut; nire abestiak dira eta kantautore bezala atera ditudan diskoak dira, nahiz eta laurak modu desberdinean sinatu ditudan. 

Zerk eraman zaitu berriro ere bakarkako bidea hartzera?

Kantautore lana nire musika ibilbideko garrantzitsuena da. Beti izan da konstante bat, gaztetan etxean gitarra jotzen hasi nintzenetik. Beste musika proiektu batzuk izan ditut, talde batzuetan aritu naiz, eta banabil oraindik ere, baina bakarkakoak nire sormen propioa ateratzeko aukera ematen dit, bai musikak, bai hitzek. Bakarkako aurreko diskoa 2018an atera nuen, eta ordutik beti izan dut buruan beste disko bat egitea. Kasu honetan, estrukturekin hasi nintzen, akorde eta harmoniekin; horrela landu nuen diskoa ia bere osotasunean, eta gero joan nintzen janzten melodiekin eta bigarren ahotsekin. Etengabeko sorkuntzan aritzen naiz, eta beti nago kantu berriak egiten. 

Hamar abestiz osatu duzu disko berria. Zer da haietan kontatzen duzuna?

Adierazteko modu bat da niretzat abestiak egitea. Neuk ere ulertzen ez ditudan gauza batzuk adierazten ditut kantuetan, erabat kontrolatzen ez ditudanak. Musika eta hitzak uztartuta, adierazteko dudan hori modu artistikoan ateratzen da. Ez da erraza definitzea, erraietako zerbait da eta. Barrutik ateratzen zaidan zerbait da, eta gero forma ematen saiatzen naiz. Askotan galdetzen didate ea zer gai lantzen dituzten nire abestiek, eta ez ditut abestiak gai konkretuen inguruan konposatzen. Zerbait erdi abstraktu bezala ikusten ditut. 

Denbora honetan hainbat taldetan aritu zara: MKT, Txost! eta Hegazkin taldeetan. Horiek ere propio sentitzen al dituzu?

Denetan aritzen naiz sortzaile bezala, bere garaian MKT Zarauzko taldean, eta orain Txost! eta Hegazkinen; denon atean sortzen ditugu abestiak, baina askotan ahotsak eta hitzak nireak dira. Kolaboratu izan dut beste artista batzuekin, gitarra jotzen eta, baina gehienetan nire kontuak izaten dira, bakarka edo taldean. 

Abestiak espresuki disko berrirako egindakoak dira, edo partaide zaren taldeetan ere jo dituzu?

Disko honetarako propio egindakoak dira. Isuoren eta Kezmanen diskoan bai, denboran zehar egindako abestiak bildu nituen. Baina oraingo hau hasieratik bukaerara propio egindako diskoa izan da. Osotasunean pentsatutako diskoa da. 

Lantzen al du gai jakin bat? Disko kontzeptual gisa ikus al daiteke?

Disko kontzeptual bezala ikusten dut, baina kontzeptu hori ez dago oso garbi. Ez du istorio zehatz bat kontatzen, baina badu giro komun bat. Entzuleei leku handia uzten dieten abestiak dira, interpretatzeko lekua uzten dutenak. Neurri batean, margo abstraktu bat bezala ikusten dut diskoa. 

Nolakoa izan da grabazio prozesua?

Diskoan gitarra bat eta bi ahots entzun daitezke, nirea eta Mikel Bargiela Bargi-rena. Prozesu luzea izan da. Konposatzeko garaian berrikuntza bat ere izan da. 30 urte bete arte ez nuen musika ikasketarik; orduan kontserbatorioko ikasketak egin nituen. Ikasketa horien amaieran hasi nintzen diskoa prestatzen. Konposatzeko modua ez da hain desberdina izan, baina partituretan-eta idatzi dut guztia; beste era batera egin dut lan. Bargirekin entseatu dut, ikusteko ea ahotsak ondo geratzen ziren, eta hitzak idaztea ere kostatu zait, gustura geratzeko. Diskoa Aritz Ormazabalen laguntzarekin grabatu dut, etxean dudan estudioan. Presarik gabe egindako prozesu luzea izan da. 

Durangoko Azokan aurkeztu duzu diskoa. Zer harrera izan du?

Ona, polita izan da. Plateruenan jotzeko aukera izan nuen, eta gero diskoa saltzen egon ginen. Kontzertua igande eguerdian eman genuen, eta uste baino jende gehiago etorri zen. Gustura egon ginen eta oso eskertuta nago jendearekin, baita azokako lagunekin ere. Hasiera polita izan du diskoak, justu Durangoko Azokarako atera nuelako. Orain diskoa zabaltzeko lanetan hasiko gara. Datorren urtean ekingo diogu kontzertuak emateari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide