Abenduaren 5ean sarrerak lortu ez zituenak jai du. Zarauzko Kopla Txapelketa ikusteko txartelak hegan egiten dute urteak joan eta urteak etorri, eta aurtengoa ez da salbuespen izan. Motxian-Etxebeltz Bertsoguneak antolatzen duen egitasmoak ez du zerikusirik Mitoaroarekin, baina mitikoa dela ezin uka. Horregatik agortzen dira lehenbailehen. Putzuzulo zaharrean lehen, eta Hiruputzu berrian orain sortzen den giroa egundokoa delako. Eta bihar 22:00etatik aurrera jokatuko duten XVII. edizioak ere itxura galanta dauka.
Aurtengoan ere, hamar bertsolarik jardungo dute koplatan: Nafarroako txapeldun berria den Xabat Illarregi, Amets eta Maddalen Arzallus anai-arrebak, Aitor Zubikarai, Amets Aizpurua, Elixabet Etxandi, Eneko Lazkoz, Oihane Perea, Eli Pagola eta iazko zintzarridun Aitor Mendiluze.
Gai jartzaile lanetan, berriz, Peru Gabirondo eta Irati Tolosa ariko dira, eta ondorengo musikariek ere hartuko dute parte: Imanol Etxeberria perkusio jotzaileak, Aratz Olaizola soinu jotzaileak, Jurdana Otxoa biolin jotzaileak eta Aitor Amilibia gitarristak.
Saioak ohiko formatua izango du. Alegia, saioaren lehen zatian hiru bertsoaldi egingo ditu bertsolari bakoitzak, horietako bat musikatua. Ondoren, publikoak aukeratuko ditu bigarren fasera igaroko diren sei bertsolariak; horiek askotariko ariketak egin beharko dituzte. Seiko horretatik bi pasatuko dira buruz burukora, eta horiek ere publikoak aukeratuko ditu: azken zatian, hiruna ariketa –ganbara, ofiziotan eta librean– egin beharko dituzte. Saioaren irabazlea eta, ondorioz, zintzarriduna, beste behin, publikoak erabakiko du.
Arraio Irratiak zuzenean emango du Kopla Txapelketa bere uhinetan. Beraz, sarrerarik gabe geratu direnek FMko 99.3an entzuteko parada izango dute.