Salberdin hegoaldeko eraikuntza eta urbanizazio lanak aurrera doazen bitartean, Zarauzko Udalak lehen erabilerako baimena eman die eremu horretan eraikita dauden lehen bi etxebizitza eraikinei. Tokiko Gobernu Batzarrean hartu zuten baimena emateko erabakia, beraz, pixkanaka-pixkanaka lehen bizilagunek bertan bizitzen hasteko aukera dute.
Eraikin horietako bat R14 partzelako etxebizitza tasatuena da; Zelai Ondotik gertuen dagoen eremua, Araba kale aldera dagoena, hain justu ere. Guztira, 92 etxebizitza dira, bakoitza aparkaleku eta trasteleku banarekin. Etxea eskuratu dutenen profilari dagokionez, 59 norbanakoak dira –23 emakume eta 36 gizon– eta 33 bikoteak, eta horien bataz besteko adina 34 urtekoa da.
Esleituriko etxebizitzak bi eta hiru logelakoak dira; bi logelakoek 70 metro koadro dituzte eta 214.000 euroren bueltan dabiltza, eta hiru logelakoek, aldiz, 90 metro koadro inguru eta 260.000 euroren bueltan. Zenbateko horiei erantsi behar zaizkie eranskinen prezioa –trastelekua 7.000 euroa eta aparkalekua 20.000 euro– eta BEZa (%10).
Etxebizitza tasatuez gain, babes ofizialeko hiru etxebizitza eraiki dira sustapen honetan, eta horiek Zarauzko Udalak erosi ditu. 600.000 eurotik gora bideratu ditu horretara eta Gizarte Zerbitzuetatik kudeatuko dira, etxebizitza premia bereziei aurre egiteko.
562 babesturiko etxebizitzak
Une honetan, babes maila desberdinetako beste hainbat etxebizitza ere ari dira eraikitzen Salberdin hegoaldeko eremuan: alokairuan emango diren Babes Ofizialeko 91 etxebizitzak eta joan den urtean esleitu ziren 139 etxebizitza tasatuak, esaterako. 2026an, Salberdin eremuko obrak amaitzea aurreikusten da, eta, guztira, iparraldea eta hegoaldea kontuan hartuta, "562 izango dira Zarauzko bizitegi-auzo honetan Udalak ahalbidetu dituen babesturiko etxebizitzak”, adierazi du Garbiñe Oiarbide Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak.
Salberdin amaituta, Etxebizitza Planaren hurrengo pausoak ere martxan dituztela nabarmendu ditu udalak; 2026an, 21 etxebizitza tasatu inguru eraikiko dituzte Amillubin, eta 2027tik aurrera Lanpardon eta Iritan alokairu babestuko 250 etxebizitzatik gora.
“Hurrengo Etxebizitza Plana Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenaren baitan hartzen diren erabakiek zehaztuko dute", aditzera eman du Oiarbidek. Planaren berrikuspena idazteko taldearen kontratazioa ere martxan dauka udalak, eta idazketa laster hastea aurreikusten dute. Gainera, "Zarautzen etorkizuna marrazteko hain garrantzitsua den plan horren definizioan parte hartzeko aukera izango dute zarauztarrek datozen urteetan”, gehitu du Hirigintza zinegotziak.