"Uhina guzti-guztiona da"

Ian Ruiz Lizaso eta Maialen Etxaniz 2025eko abenduaren 17a

Olaia Eizagirrek, Martina Urteagak eta Maialen Ajuriak bultzatutako podcastak aniztasun funtzionala duten gazteei ahotsa eman die Zarauzko Arraio irratian.

Azken urteotan, komunikazio digitalak eta podcastek gero eta presentzia handiagoa hartu dute gazteen egunerokoan. Hala ere, espazio horiek ez dira beti irisgarriak edo inklusiboak, eta are gutxiago aniztasun funtzionala duten gazteentzat. Testuinguru horretan, Zarautzen sortutako egitasmo batek hutsune hori bete du: Bash elkartearen barruan garatutako podcasta gazte horiei hitza emateko eta euren ahotsa entzunarazteko asmoz sortua da. Ez da komunikazio proiektu hutsa, baizik eta hezkuntza, garapen pertsonala eta parte hartzea uztartzen dituen egitasmoa.

Bash edo Batera Aske proiektua 2019an sortu zen Arrasaten (Gipuzkoa), eta bi urte igaro ondoren, 2021ean, Zarautzera iritsi zen. Kooperatiba moduan antolatuta, hainbat herritan garatzen diren hezkuntza eta aisialdi programak biltzen ditu. Zarautzen, duela urtebete inguru hasi ziren lanean Olaia Eizagirre, Martina Urteaga eta Maialen Ajuria hezitzaileak, aurreko taldekideek proiektua beste herrietara zabaltzeko egin zuten urratsaren ondoren. Haien etorrerarekin, egitasmoak jarraipena izan du, baina, aldi berean, bide berriak irekitzeko aukera ere baliatu dute.

Zarauzko Bash programaren barruan, aniztasun funtzionala duten gazteentzako aisialdi taldea osatu dute. Ajuriaren arabera, helburua ez da soilik aisialdia eskaintzea, baizik eta "gazteek konfiantzazko espazio bat izatea, beren burua adierazteko eta taldean indartzeko". Artea, gorputz mugimendua eta adierazpen pertsonala dira taldearen oinarri nagusiak, eta horien bidez autonomia eta autogarapena lantzen dituzte.

Eguneroko jardunean sortutako giroak ekarri zuen podcastaren ideia. Eizagirrek azaldu du berak bota zuela proposamena, eta gainerakoek berehala egin zutela bat: "Ez genuen asko pentsatu; ikusten genuen herrian behar bat zegoela". Urteagarentzat, argi zegoen abiapuntua: gazteek zer esana bazuten, baina ez zuten horretarako espaziorik. "Inoiz ez dute horrelako proiektu bat egiteko aukera izan". Horregatik, podcastarena "aukera egokia" iruditu zitzaien, gaur egungo gazteentzat formatu ezaguna delako, eta, aldi berean, baita irisgarria ere. 

Ikusgarritasuna emanez

Proiektua zuzendaritzari aurkeztu zioten, eta berehala jaso zuten baiezkoa. Ondoren, Arraio irratiko arduradunekin jarri ziren harremanetan. Eizagirreren hitzetan, irratiaren jarrera erabakigarria izan da: lehen momentutik material teknikoa, grabatzeko gela eta laguntza eskaini dizkiete. "Laguntza horrek proiektuari egonkortasuna eman dio, eta asko eskertzen dugu hori". Gainera, Arraio irratiaren 20. urteurrenaren atarian, inklusioaren aldeko apustu gisa ere ulertzen dute irratsaioa. 

Hasierako zalantza nagusietako bat "Basheroen erantzunak" eragin zien. Ajuriak onartu du beldurra zutela gazteek lotsagatik atzera egingo ote zuten, baina esperientzia erabat bestelakoa izan dela kontatu du: "Hasieratik gogotsu azaldu dira, eta podcasta eurena dela sentitu dute". Guztira, hiru saio grabatu dituzte, eta gero eta aktiboago ari dira parte hartzen hizlariak.

"Basheroak" izena bera ere talde identitatea indartzeko sortu zuten. Urteagaren ustez, aniztasun funtzionala duten pertsonek irratian beren espazioa izatea "funtsezkoa" da, horrelako proiektu gutxi daudelako: "Guk erakutsi nahi dugu gai direla nahi dutena egiteko". Ajuriak gaineratu du gazte horiek ere badutela "espazio propioa izateko eskubidea", eta bide horretan, Arraio irratiak lehen unetik ateak ireki izana "ezinbestekoa" dela iruditzen zaio.

Egitasmoaren sustatzaileek ez dute entzule kopuruaren arabera neurtzen haren arrakasta. Eizagirrek azaldu du momentuz ez direla datuetan zentratzen ari: "Guretzat garrantzitsuena da parte hartzaileek ondo pasatzea". Hala ere, jasotako erantzuna "oso positiboa" izan dela diote, bai inguruko jendearen aldetik, bai beste herrietako elkarteen aldetik ere.

Etorkizunari begira, helburua argia da: "Podcasta Basheroena izatea erabat". Ajuriaren arabera, hurrengo pausoa gazteek ardura handiagoa hartzea litzateke, baita alderdi teknikoan ere. Urteagarentzat, proiektuaren indargunea da parte hartzaileek "beraiena" dela sentitzea, eta hezitzaileek "bideratzen lagundu besterik ez" dute egiten. Eizagirrek aipatu du ez direla kazetariak, ezta teknikariak ere, baina ilusioz ari direla, pausoz pauso.

Esperientzia barrutik bizi duten Unax Esnaolak eta Juan Pardok ere balorazio positiboa egin dute. Biek adierazi dute "gustura" joaten direla saioak grabatzera, lagunekin egoteko eta ondo pasatzeko aukera ematen dielako, eta bide horretan, begiraleen laguntza azpimarratu dute. Haien ustez, podcastak aukera eman die inoiz probatu ez zuten zerbait egiteko, eta horrek beren buruekiko duten konfiantza handitzen lagundu die. Basheroen ahotsa, pixkanaka, uhinetan lekua hartzen ari da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide