Zarauzko Udalak adinekoentzat dituen egonaldi luzeko edo iraunkorreko babespeko apartamentuak arautzeko erregelamendua berrituko du. Apartamentu horiek arautzen dituen udal erregelamendua 2019koa da, eta beharrezkotzat jo dute arautegi eguneratzea.
Besteak beste, ondorengo helburuak lortzeko egokituko dute: genero ikuspegia txertatzea; prozeduretan interoperatibilidadearen aplikazioa txertatzea; erabiltzailearen ekarpen ekonomikoaren kalkulurako formula egokitzea; itxaron zerrenda antolatzen duen baremazio berria ezartzea, diagnostiko sozialari lotutako adierazleekin; eta apartamentu tutelatuen funtzionamenduaren inguruko hainbat gai hobeto zehaztea arautegian.
Berritze prozesu horren barruan, udalak herritarrei aldaketei buruzko informazioa partekatu nahi du eta ekarpenak egiteko aukera eskaini nahi die. Ekarpenak egiteko epea abenduaren 30a bitartean egin daitezke, zarautz.eus webguneko Parte Hartu atalean. Halaber, posta elektronikoz egin daitezke, ongizatea@zarautz.eus helbidera bidalita.