Mario Onaindia Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Departamentuarekin elkarlanean, Klima belaunaldia: Gazteriaren Papera Estatu Itunean izeneko jardunaldia antolatu du asteazken honetarako. Zazpi kultur aretoan (Kale Nagusia 21) izango da, 18:30ean hasita, eta hainbat hitzaldiz eta mahai inguru batez osatuta egongo da.
Antolatzaileek aditzera eman dutenez, ekimenaren helburu nagusia da gazteria funtsezko eragile gisa kokatzea klima larrialdiari aurre egiteko etorkizuneko Estatu Itunaren eraikuntzan, eta horretarako, analisirako, elkarrizketarako eta belaunaldien arteko parte-hartzerako espazio bat sortu nahi dute. "Herritartasun kritiko eta aktiboa sustatzeko duen konpromisoari jarraiki, beharrezkoa da gazteen presentzia indartzea krisi klimatikoari kolektiboki erantzuteko hartuko diren erabakietan eta eztabaidetan", aditzera eman du fundazioak.
Jardunaldia Jose Ignacio Asensio Iraunkortasuneko diputatuaren hitzaldiarekin hasiko da, eta honek Estatu Itunaren garrantzia eta belaunaldi berriek bertan jokatu dezaketen papera aurkeztuko ditu. Ondoren, Laura Reboul aktibista klimatikoa ariko da solasean, gazteriaren potentzial eraldatzailea lehen lerrora ekarriz. Jarraian, mahai ingurua izango da, Materreko zuzendari Izaskun Suberbiolaren eta Ekomodoko ordezkari Aritz Gartziaren artean; gazteen parte-hartzea, berrikuntza eta iraunkortasuna ardatz dituzten esperientziak partekatuko dituzte, Reboulek moderatzaile lanak egingo dituen bitartean.