Palestinarekin bat egingo du aurtengo Gabonetako Kontzertu Solidarioak

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 13a

Ezkerretik hasita, Zarautz-Palestina herri ekimeneko Eukene Tejada eta Maika Valois, Zarautz Abesbatzako Juanan Urdangarin eta Jaione Eskudero, eta herriko eragile eta abesbatzako kide Aitor Elorriaga. (Julene Sorarrain)

Frantziskotarren elizan eskainiko dute Zarautz Abesbatzak antolatutako kontzertua, 20:00etan, hilaren 19an. Emanaldian bildutako dirua Palestinara bidaliko dute Zarautz-Palestina herri ekimeneko kideek. 

Zarautz Abesbatzak antolatuta, Gabonetako Kontzertu Solidarioa eskainiko dute abenduaren 19an, ostiralarekin, Frantziskotarren elizan. Dagoeneko lau urte dira Zarautz Abesbatza herriko eragile eta erakundeekin elkarlanean hasi zela hitzordu hau antolatzeko, eta aurtengo edizioan Palestinaren alde lan egiten duen Zarautz-Palestina herri ekimenarekin jarri dira harremanetan.

"Lan handia egiten da Zarautzen beharra duten pertsonei laguntzeko, eta egia esan, herritarroi gain-gainetik pasatzen zaigu borondatezko pertsona hauen dedikazioa eta jarduna", azpimarratu du Zarautz Abesbatzako lehendakari Juanan Urdangarinek. Halaber, kontzertuaren helburua "ahalik eta ekarpen handiena jasotzea" dela azaldu du Urdangarinek, baita herriko erakundeei beren lana zabaltzeko aukera ematea ere. 

Jaione Eskudero Zarautz Abesbatzako zuzendariak eman ditu kontzertuaren inguruko xehetasunak. Haren hitzetan, Gabon garaia "emozio garaia" izaten da, eta horretarako, "kantu bereziak" prestatu dituzte aurtengo kontzerturako. Hark azaldu duen moduan, Zarautz Abesbatzako hiru taldeek parte hartuko dute emanaldian, hala nola, Zarautz Abesbatzak, Zarazte abesbatzak eta Txinpirin abesbatzak.

Gainera, Imanol Urbieta Udal Musika Eskolako 10 biolin jotzaileen parte hartzeaz gain, aurten oboeak "presentzi berezia" izango duela kontatu du Eskuderok. Horretarako, Getariako musika bandan instrumentu hori jotzen duen gazte batek hartuko du parte emanaldian, hain justu, Martina Salsamendi oriotarrak. Bestalde, antolatzaileek perkusio jotzaile bat nahi zutela aipatu dute, eta horretarako, Zarauzko Musika Bandako Haitz Lertxundiren parte hartzea izango du ere kontzertuak. Instrumentu berezia izango da, ordea, Lertxundik ostiralean joko duena: duela hiru urte Txinako abesbatza batek Zarauzkoari oparitutako txinatar bonboa joko du estreinakoz Frantziskotarren elizan, zehazki.

Musikarien parte hartzeaz gain, beste berezitasun bat izango du aurtengo hitzorduak: herriko plaza dantzarien emanaldia, hain zuzen. Eskuderok azaldu duenez, ez dute inoiz parte hartu abesbatzaren kontzertu batean, eta abesti "berezi" bat prestatu dute, Palestinaren aldeko kontzertuan jotzeko. 

Aitor Elorriagak hartu du ondoren hitza, Zarauzko gazte eragileen izenean. "Gazteon aldetik, ekintza asko egin ditugu azken urteetan Palestinaren alde, eta ekintza horien helburua izan da, hain justu, Israel Palestinan gauzatzen ari den genozidioa salatzea", azpimarratu du Elorriagak. "Palestinaren egoera 2023an okertu bazen ere, hau ez zen 2023an hasi, eta Israelen sorreratik, palestinarren lurra okupatua izan da, bertako herritarren genozidioa gauzatzen den bitartean", gehitu du. Halaber, Zarautz Abesbatzak antolatutako ekimena palestinarren mezua zabaltzeko "bozgorailu" bat dela esan du Elorriagak, eta aldi berean, herritarrei ekarpen ekonomikoa egiteko lekua ematen dio. 

Helburu bera izan du, baita ere, Zarautz-Palestina herri ekimenak, duela urte bete sortu zenetik. "Oinarrizko eskubidea da bizitza eskubidea, eta hori ez da errespetatzen Palestinan", nabarmendu du Maika Valois elkarteko kideak. Halaber, palestinarrak "ur hornidurarik eta etxerik gabe" daudela kontatu du Valoisek, eta belunaldi batzuetan etorkizuna "guztiz baldintzatuta" dagoela ziurtatu du. Zarautz-Palestina herri ekimenak ekintza ezberdinak egiten ditu urtean zehar Palestinaren egoera azaleratzeko. 

Hala, kontzertua abenduaren 19an izango da, 20:00etatik aurrera, Frantziskotarren elizan. Sarrera doakoa izango da, eta kontzertuaren amaieran dohaintza emateko mahaia jarriko dute eliz atarian. Bertatik jasotako dirua Palestinara bidaliko dute, Mundu Bat Gobernuz Kanpoko Erakundearen bitartez. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide