Telmo Iruretagoiena: "Gure sagarrek potentziala dute, eta gauza berriak egiten ari dira"

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 11

Telmo Iruretagoiena sommelierra eta ardo dibulgatzailea. (utzitakoa)

Merkatua Bizirik elkarteak euskal sagardoa dastatzeko saioa antolatu du biharko, eta Telmo Iruretagoiena sommelierrak eta ardo dibulgatzaileak (Zarautz, 1994) gidatuko du. Merkatu Plazan izango da, 19:00etan.

Dastaketa hutsa izango da, hitzaldi-tailer bat, ikastaro moduko saio bat... Nola planteatuko duzu biharko ekitaldia?
Dastaketa izango da, eta saioaren helburua izango da sagardoaz hitz egitea. Euskal sagardoak gaur egun eskaintzeko duen guztia erakutsiko dut; estilo tradizionaleko edari batzuekin hasiko gara eta haien berezitasunak aztertuko ditugu, eta, era berean, jatorri deituraren barruan egiten ari diren gauza berriak ikusteko aukera izango dugu.

Merkatu Plazan ariko zara, jendaurrean. Espazio benetan dotorea zarauztar batentzat, ezta?
Bai, ilusio handia egiten dit. Lagunen aurrean egin izan ditut dastaketak, baina herrian egiten dudan lehen dastatze profesionala izango da biharkoa. Alde horretatik, oso pozik nago. Halako dastaketak sarri egiten ditugu Euskal Herriko hainbat txokotan, baita hemendik kanpo ere, eta, kasu honetan, Merkatua Bizirik elkartea jarri zen gurekin harremanetan.

Eta herrian aritzeak bestelako errespetu bat emango al dizu? Urduriago jarriko al zara?
Egia esan, ez dakit. Une honetan, lasai nago... Ziur, ekitaldian familiako kideak eta lagun asko izango direla, beraz, ez dakit horrek urduriago jarriko al nauen ala ez. Nolanahi ere, ilusio handia egiten dit etxean aritzeak.

Sagardoa edari aski ezaguna da Euskal Herrian, baina ongi ezagutzen al du jendeak?
Gure edaritzat hartzen dugun arren, uste dut pixka bat gutxietsi ere egiten dugula sagardoa. Orduan, horrelako dastaketa ekitaldietan saiatzen ari gara balioa ematen bertan egiten den produktuari: bertako sagarrekin eginiko euskal sagardoari, hain justu ere. Kontsumitzen den sagardo asko kanpoko sagarrekin nahastuta ekoitzita egon daiteke, eta halako ekitaldiekin hemengo baserritarrak eta sagar ekoizleak nabarmendu nahi ditugu, baita egiten duten lanari aparteko garrantzia eman ere.

Hemengo sagarrek ikaragarrizko jokoa ematen dute: 500 sagar mota baino gehiago ditugu Euskal Herrian. Aniztasun horrek aukera handia eman dezake, eta gainera, ikusten da azken hamarkadan sagardo ekoizleak produktu ezberdinak eta oso interesgarriak egiten hasi direla. Bihar Merkatu Plazara bertaratzen diren herritarrek orain artean probatu gabeko sagardoak dastatzeko aukera izango dute, eta betiko sagardo tradizionala alboratu gabe, ikusiko dute gure sagarrek zer-nolako potentziala duten, baita gauza berriak egiten ari direla ere.

Edari arrunt gisa hartzen da, baina zer propietate aberasgarri ditu?
Edari alkoholdun bezala, sagardoa ederra da janariari laguntzeko. Gainera, jakin badakigu osasunerako horren garrantzitsua den C bitamina ematen duela. Adibidez, sasoi bateko arrantzaleak Ternuara joaten zirenean, sagardoa lagungarri zitzaien eskorbutuari aurre egiteko. Era berean, digestioarekin laguntzen duen edari bat da; azidotasun handia duenez, koipetsuak diren gauzak digeritzen laguntzen du. Nik, behintzat, ia egunero edaten dut sagardo pixka bat, eta beti etortzen da ondo.

Zer da zuretzat sagardoa?
Ni, berez, ardo mundutik nator; izan ere, enologia ikasi nuen. Dena den, sagardoa gure edaria dela esango nuke. Hemen dagoen edari alkoholdun zaharrena da, ardoa baino askoz ere lehenagotik baitugu Euskal Herrian. Guztiz gure lurrari lotutako edaria da. Niri dagokidanez, jatorri deituraren bitartez, aukera izan ohi dut sagardoaren bueltan lan egiteko, sagardotegietara egindako bisitak edo dastaketak tarteko. Modu horretan, sagardogileak ezagutzen dituzu, eta ikusten duzu edariak zer-nolako historia eta tradizioa dauzkan, baita mendez mende Euskal Herrian sustraiak errotu dituela ere.

Kostaldean badago txakolinaren eta sagardoaren arteko talka bat. Elkarren osagarri ala etsai dira?
Nik uste dut biak edateko denbora badagoela egun batean. Goizean has zaitezke aperitiboa hartzen txakolinarekin eta bazkaltzerakoan sagardoa edan, edo alderantziz. Sagardotegi bakarra daukagu Zarautzen, eta txakolindegi gehiago. Hala ere, nire aitari eta aitonari entzundakoaren arabera, txakolindegiak izan aurretik, garai batean sagardotegiak ziren nagusi herrian eta, nolabait esateko, proto-sozidadeak ziren haiek. Hain zuzen ere, gizonak joaten omen ziren janariarekin, hamaiketakoarekin edo bazkariarekin, eta bertako sagardoa edaten zuten. Sagardoa edateko ohitura asko aldatu da ordutik; egun, beste era batera kontsumitzen da. Hala ere, esan beharra dago sagardoa oso lotuta egon dela Zarautzekin.

Sagardo mota ezberdinak daude mundu zabalean. Euskal sagardoak nolako oihartzuna eta onespena du nazioartean?
Oraindik ezagutze bidean dago nazioartean, eta jatorri deitura lan horretan ari da. Bertako produktua erakusten ari gara, eta asko gustatzen ari zaie. Estatubatuarrek eta ingelesek sagardo gozoa edateko ohitura handiagoa dute. Gurea, aldiz, sagardo naturala eta lehorragoa izaten da. Hasieran harritu egiten dira, baina berehala gustatzen zaie. Jaso ditudan feedback-ak, behintzat, positiboak izan dira. Hona etorri eta probatu dutenak, beti itzuli dira sagardo kaxaren batekin etxera.

Biharkoa bezalako dastatze ekitaldietan, jendeak zer sentsazio izan ohi du?
Jan-edana dagoen bitartean, Euskal Herrian arrakasta bermatuta dago; guztioi gustatzen zaizkigu horrelako saioak. Horri istorio kuriosoak txertatzen badizkiozu eta zerbait ikasteko aukera eskaini, bada, ederra bilakatzen da dastaketa. Gainera, jendeak interesa jartzen du, eta hartu-eman ona sortu ohi da. Dastatzen ari garen bitartean, ez dut gidoi itxi bat jarraitzen, beti saiatzen bainaiz etortzen direnen galderak eta zalantzak argitzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide