EH Bildu: "Udal gobernuak ez du borondaterik erakutsi aurrekontuetan gure proposamenak kontuan hartzeko"

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 13a

Joan den asteko ezohiko udalbatzarreko momentu bat. (Onintza Lete Arrieta)

Zarauzko koalizioaren udal taldeak hemezortzi proposamen aurkeztu zizkion udal gobernuaren aurrekontu proposamenari, baina ez zuten bakar bat bera ere onartu. Baztertutakoak "herritarren bizi-kalitatea hobetzeko ekarpenak" direla nabarmendu du EH Bilduk.

Udal gobernuak 2026rako aurrekontuak negoziatzeko erakutsitako «borondate falta» kritikatu du EH Bilduk. Joan den astean, abenduko ezohiko osoko bilkuran, onartu zituzten 2026rako aurrekontuak, 52,5 milioi euroko zenbatekoarekin. Udal gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren aldeko hamabi botoekin egin zuen aurrera proposamenak; EH Bilduk, aldiz, aurka bozkatu zuen, “gobernuak ez duelako benetako borondaterik erakutsi negoziatzeko eta gure proposamenak kontuan hartzeko”.

Zarauzko koalizio subiranistak adierazi du behin eta berriro erakutsi duela "elkarrizketarako eta adostasunak bilatzeko prestutasuna", baina udal gobernuak baztertu egin dituela "herritarren bizi-kalitatea hobetzeko ekarpenak", eta, ondorioz, horrek "ezinezko "egin duela aurrekontuak babestea.  Guztira, hemezortzi proposamen aurkeztu dituzte, "udalerriko behar zehatzei erantzuteko diseinatuta", baina udal gobernuak ez du bakar bat bera ere onartu .

Etxebizitzaren arloan, etxe hutsak alokairura bideratzeko plana eta zona tentsionatu izendatzeko neurriak proposatu dituela jakitera eman du EH Bilduk. Baita jarduera ekonomikoak etxebizitzetatik beheko lokaletara pasatzeko dirulaguntzak ere, etxebizitzak mobilizatzeko helburuarekin. Ingurumenari dagokionez, Salberdingo iparraldea berdetzeko plana egiteko eskatu du, 75.000 euroko aurrekontuarekin, eta Amalur parkearen proiektua idazteko proposamena, 50.000 euroko partidarekin, herritarrek parte hartze prozesuan adierazitako beharrari erantzunez.

Era berean, herrian hiru diagnostiko –zaintza sistemari buruzkoa, turismoaren inpaktuari buruzkoa, eta kultur eraikinen eta kultur ekosistemei buruzkoa– egiteko beharra ikusi du koalizioak, eta horien azterketa zorrotza egitea eskatu du, "beharrak identifikatu eta baliabideak birpentsatzeko”.

Inbertsio handien atalean, ondorengo hauek jarri ditu mahai gainean EH Bilduk: erdiguneko oinezkotzea amaitzeko 500.000 euroko partida baliatzea; haur parkeen kasuan, Martiñene eta Ikastola berritzeko eta Urtetako parke berria eraikitzeko 230.000 euro bideratzea, eta Pilartxo Eneako estalpea egiteko, beste 375.000 euro; hileta zibilak egiteko udal gune bat egokitzea, 55.000 euroko aurrekontuarekin, “herri anitzaren balioak errespetatzeko”; eta, azkenik, ordenantza fiskaletan progresibitatea lantzeko langile bat kontratatzea, “aukera berdintasuna bermatzeko”.

Horretaz guztiaz gain, EH Bilduk argi eta garbi utzi nahi izan du aurrekontuak ez direla soilik zenbakiak, baizik eta «herritarren etorkizunari buruzko erabakiak» . Udal taldeak gogorarazi du gobernuak bere kabuz aurrera ateratzeko nahikoa boto dituen arren, "horrek ez du justifikatzen bozkatzaileen %40aren ahotsa baztertzea». Hori horrela, lanean jarraitzeko borondatea erakutsi du,  «Zarautzen beharrezkoak diren proposamenak defendatzeko eta herritarren interesak ordezkatzeko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide