Hurrengo asteko larunbatean, hilak 20an, jokatuko dute Aritzbatalde kiroldegian aizkora, motozerra eta trontza uztartzen dituen Euskal Timber txapelketako finala. Sailkapen proba jokatu ostean, hamasei kirolari ariko dira egun horretan txapela eskuratzeko lanetan, tartean eskualdekoak diren Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarra eta Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra. Dagoeneko eskuratu daitezke sarrerak, lotura honetan.
Abenduaren 20ko hitzorduan, 18:00etan hasita, hamasei kirolari lehiatuko dira, eta horietatik bi gelditu arte jardungo dute; txapelaren bila bi kirolari ariko dira, nor baino nor. Partaide denek motozerrarekin mozketa bat egin beharko dute; jarraian, aizkorarekin egurra etzanda jarrita; ondoren, trontzan; eta azkenik, aizkorarekin, bertikalean. Arau guztiak bete eta denbora onena egiten duena sailkatuko da ondorengo txandara.
Finala baino lehenago azaroaren 15ean egin zuten lehen faseko saioa, eta bertan 25 kirolari aritu ziren nor baino nor lehian Astigarragan, ateak itxita egin zuten kanporaketan.
2011tik geldirik
Gari Etxeberria antolatzaileak azaldu duenez, Stihl Timbersports Series mundu mailako txapelketa nagusia Euskal Herrira ekartzeko grinak eman dio Euskal Timber txapelketa antolatzeko ideia. "2011. urtera arte hemengo kirolari batzuk, Larretxeak, Olasagastik eta arriatarrek, esate baterako, hartu zuten parte txapelketa hartan. Urte hartan kirolariek antolatzaileekin izandako liskar baten ondorioz edo, eten egin zen harreman hori, eta Espainiako Estatuan egiteari utzi egin zioten, hemengo kirolariak parte hartzeko aukerarik gabe utzita", azaldu du Etxeberriak.
Antolatzaileek bilera batzuk egin ostean, ordea, berriro harremana bideratzea lortu zuen Etxeberriak, eta beraz, bueltan izango da berriro ere "erakargarria, agresiboa eta berria" den txapelketa.