Kriminologian doktorea da Leire Padilla (Villabona, Gipuzkoa, 1994), eta egun Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean egiten du lan ikertzaile moduan. EKUA erakundearen bitartez, Matxosfera, maskulinizazioa eta eskuin muturra hitzaldia eskainiko du gaur arratsaldean, 18:30ean hasita, Zarauzko Emakumeen Etxean. Azken urteotan, matxosfera izenez ezagutzen diren hainbat komunitate sortu dira Interneten. Espazio horietan, feminismoaren aurkako diskurtsoak, misoginoak eta ultrakontserbadoreak, zabaltzen dituzte.
Matxosfera, maskulinizazioa eta eskuin muturra. Denak eskutik lotuta doaz.
Azken batean, ikusten ari gara, bai sare sozialetan eta bai gizartean, eskuineko indar hori zer-nolako garrantzia hartzen ari den emakumearen eta feminismoaren aurkako diskurtsoan. Oso arriskutsua da mezu hori, eta batez ere gazte jendearen artean barneratzen ari da. Gazteak bere egiten ari dira, nolabait ere.
Mugimendu hori gero eta gehiago puzten ari dela dirudi. Zer faktorek eragin dute horretan?
Uste baino zaharragoa da mugimendua. Zerk eragin duen? Alde batetik, sare sozialek eta Internetek eskaintzen duten anonimotasunarekin egundoko indarra hartu du orain, eta bestetik, feminismoak gorakada nabarmena izan du azken hamarkadetan. Orduan, gizonek beren diskurtso misoginoaren analisi horretan, esaten dute beren eskubideak galtzen ari direla; emakumeoi berezkoak ez zaizkigun eskubide gehiago ematen ari zaizkigula, alegia. Horren aurka ari dira jo eta su, eta indarkeria mota ezberdinak erabiltzen ari dira.
Maskulinitatea ulertzeko eredu bakar bat al dago?
Maskulinitatearen ideia bakarra dago, matxiruloaren ideia hori: croissant bat bezala puztuta dagoen gizona, sentimendurik ez duena, negarrik egiten ez duena, eta hori da indarra zein nagusitasuna duen gizona. Haien ustez, ezin zaizkio emakume bati berezkoak zaizkion eskubideak onartu. Maskulinitate toxiko horren narratibatik emakumeak infantilizatu eta gure lorpenak deslegitimizatu dituzte, eta biktimismotik berdintasun hori zalantzan jartzen dute.
Eskuin muturra hitzaldiaren aztergaietako bat da. Mundu osoan eta, batez ere, Europan goraka datorren joera politikoa da.
Hala da, bai. Ikerketa bat egin zuten Espainia mailan forocoches.com atari digitalari buruz. Itxuraz modu ironikoan iruzkinak eta bideoak igotzen dituzte emakumeak mespretxatzeko edo lotsagorritzeko, eta Charo izena ematen diete emakume horiei. Hain zuzen ere, Charo horiek dira ezkerreko emakumeak edota arlo profesionalean zerbait lortu dutenak. Eskuinarentzat emakumeak etxean egon behar du, eta gizonak lagundu egingo du. Ez, barkatu! Aita zara, senarra zara eta etxea zurea ere bada, beraz, ez zara inori laguntzen ari. Zure ardura ere bada. Badirudi haientzat gizonezkoek etxetik kanpo, enpresa batean edo lantegi batean, egiten dutena dela benetako lana, eta emakumeak etxeko lanetarako jaiota daudela.
Pentsaera hori gazte jendearengana iristen ari da. Kezkatzeko modukoa al da?
Oso-oso kezkagarria da. Unicefek eta Compostelako Unibertsitateak [Galizia] egin duten ikerketa batean ikusi dutenearen arabera, bikotekidea zuten hiru nerabetik batek onartzen zuen bere bikotekidearengandik kontrola jasaten zuela, hala nola jazarpen digitala, pasahitzaren eskaera, profilaren berrikuspenak, etengabe non dauden jakiteko probak eta abar. Hor ikusten da emakumearen irudia zer bihurtzen ari den: pertsona independentea eta bere eskubide propioak dituena izan beharrean, beste norbaitena izatera pasatzen ari gara berriro ere. Emakume gazteek normaltasun baten barruan hartu dute hori.
Normaltasun baten barruan?
Adibidez, cyber flash-ak, fotopolla deritzanak edo irudi lizunak jasotzen dituztenak %43 baino gehiago dira Espainian. Ikusten da modu horretako indarkeria badagoela, askotan normaltzat hartzen dena, hipersexualizaziotzat bezala; sareko misoginia hori hedatu egin da, eta guk normaltzat jo dugu. Edozein argazki sarera igoz gero, zenbat eta jarraitzaile gehiago izan, orduan eta iruzkin misogino eta matxista gehiago jasoko dituzte emakume askok. Oso orokorra da gizonezkoek lau hizki hauek idaztea: P-U-T-A. Emakume eduki sortzaileen kasuan ere gertatzen da halakorik, baina horrez gain, mezu pribatuak ere jasotzen dituzte eduki sexistekin. Adimen artifizialarekin ere gertatzen ari dira kasuak. Gizonezkoek adimen artifizialezko neskalagunak izaten dituztela atzeman da, eta izugarrizko astakeriak esaten dizkiete. Emakume irudi hori norberak perfilatu dezake, eta erabat sumisoak bihurtzen dituzte.
Hitzaldian zertaz hitz egingo duzu?
Nire aurkezpena egiteaz gain, bertaratzen direnekin bizipenak partekatu nahi ditut. Esperientziak elkarbanatu nahi ditut, eta nireak ere kontatuko ditut; norbaitek atea irekitzen badu, bakarrik ez dagoela eta espazio segurua dela erakutsiko diogu. Ez gaude inor epaitzeko, denok jaso dugu noizbait halakorik, baita gizonezkoek ere. Egia da estatistikoki emakumeak garela halako diskurtsoak eta iruzkinak gehien jasaten ditugunak. Hortik abiatuko naiz hitzaldiaren hasieran, datuak emanez, ikerketetan azpimarratzen diren ideiak azalduz eta, gero, eztabaidatxo bat sortu nahiko nuke elkartzen garenon artean.