Xabier Alberdik herriko lorategien historiari buruzko hitzaldia eskainiko du bihar, Modelon

Ian Ruiz Lizaso 2025eko abenduaren 9a

Xabier Alberdiren argazkia (GUKA)

Udalak herriko lorategien historiari buruzko bigarren liburu bat argitaratu du. Horren berri emateko, historialari zarauztarrak hitzaldia eskainiko du bihar 11:00etan, Modelo aretoan. Sarrera librea izango da.

Zarauzko Udalak 2023ko martxoan herriko lorategien historiari buruzko liburu bat argitaratu zuen, eskuliburu gisa. Bertan, Xabier Alberdi historialari zarauztarrak herriko lorategi historikoak identifikatzeko, aurkitzeko eta haien jatorri eta bilakaera ezagutzeko gida egin zuen.

Orain, udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, bigarren edizio bat kaleratu du, 1915. urteko plano batekin eta joan den mende hasierako lorategi eta jauregiak kokatzeko gidarekin batera.

Bigarrengo edizioaren berri emateko, Xabier Alberdik hitzaldia eskainiko du bihar, 11:00etan, Modelo aretoan. Sarrera librea izango da, eta aurkezpenaren ondoren, planoaren eta liburuaren aleak doan eskuratu ahal izango dira. 

Inaxio Illarramendi Ingurumen zinegotziak adierazi duenez: "Gure ondare historikoa zaintzeko eta hiriko berdeguneak zaintzeko modurik onena gure iragana eta oraina ulertzea da". Horretarako informazio zientifikoa eta egiaztatua zabaltzea "ezinbestekoa" dela ere aitortu du. 

"Xabier Alberdi bezalako historialari baten laguntza izatea aukera ezin hobea da guretzat, eta interesa duten pertsona guztiak gonbidatzen ditut asteazken honetako aurkezpenera", nabarmendu du Illarramendik.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide