Koloretako argiez eta musikaz girotu zen atzo arratsaldean Amalur parkea Gabonetarako Azokaren irekierarako. Azokako artisau postuak ireki eta atrakzioak martxan jarri zituzten atzo 18:30ean, eta festa giroan egin zuten hori, Zarauzko erraldoien eta buruhandien konpartsaren kalejirak eman baitzion bide azoka zabaltzeari.
Gabonetako Azokaren lehen egunean haur, gazte eta heldu ugari batu ziren Amalur parkeko postu eta atrakzioetan.
Gabonak Zarautzen egitarau osoaren barruan antolatu du azoka Zarauzko Udalak, Murkil eta Zurekin elkarteekin lankidetzan. Azoka goiz eta arratsaldez zabalduko dute: 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Abenduaren 12an eta 19an, baina, arratsaldez bakarrik izango da zabalik.
Azokako postuak Nahia artisau elkarteak kudeatuko ditu, eta egurrezko etxoletan egongo diren ekoizleak zein artisauak aldatu egingo dira astero. Bestalde, jan-edanen postu bat ere badago, ZKEko errugbi taldeak du postu horren ardura, eta 16:00etatik 21:00etara, txurroak, txokolatea, krepak, gofreak eta patatak erosi daitezke bertan.
Postuez gain, haurrentzako karrusela ere jarri dute azokan –hiru euro balio ditu txartelak– eta asteburuetan atrakzio bereziak izango dira doan: 28 metro luzerako trineo-puzgarria eta eski simulatzailea. Atrakzio berezi horien egun eta ordutegi hauetan egongo dira erabilgarri: abenduaren 6, 8, 13, 20, 26 eta 27an, 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara; abenduaren 12an eta19an, 16:30etik 20:00etara; eta urtarrilaren 2an eta 3an, 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.
Kale ikuskizunak
Gabonak Zarautzen egitarauan bost ikuskizun ere antolatu dituzte, eta aurrenekoa, gaur, abenduak 6, izango da: Bilboko Hiruki Produkzioak taldearen La Senda del Barritar. 18:30ean hasiko dute ikuskizuna Gaztainpe plazan, eta ondoren, Alde Zaharreko kaleetan ibiliko dira. Kale animazio honetan, kolorez eta mugimenduz betetako sei metroko luzeera eta lau metroko altuera duen elefante ikusgarri batek eta bi metroko altuera duten lau elefantetxok hartuko dute parte.