Asun Urzainkik eta Margarita Martinek hitzaldia eskainiko dute Modelon

Ian Ruiz Lizaso 2025eko abenduaren 8a

Sara Elorza, Asuncion Urzainki eta Irune Urbieta. (GUKA)

'Aita Orkolaga, Zarauzko bikarioa' liburuaren inguruko hitzaldia eskainiko dute asteazkenean 19:30ean hasita, Modelo aretoan.

ZarautzOn elkarteak antolatuta, Sanz Enea liburutegiak argitaratutako Aita Orkolaga, Zarauzko bikarioa liburuaren inguruko hitzaldia eskainiko dute Asun Urzainki egileak eta Margarita Martin meteorologoak. Asteazkenean izango da eta 19:30ean hasiko da ekintza, Modelo aretoan, hain zuzen ere. Bertan, Igeldoko Behatoki Meteorologikoaren sortzaile izan zen Aita Orkolagaren figuran sakonduko dute.

Liburuak Juan Miguel Orkolagak Zarautzekin izan zuen harremana aztertzen du, bertan bikario gisa jardun baitzuen. Asun Urzainkik meteorologo aitzindari gisa izan zuen alderdia zehazten du, baita Kantauriko enbatengatik marinelak eta arrantzaleak babesteko egin zuen ahalegina ere. Dibulgazio historikoko lana da, eta Orkolagaren irudi zientifiko eta gizatiarra balioesten du, Euskal Herriko geografiari eta klimari buruzko aurreko ikerketak osatuz.

Asuncion Urzainki Iruñean (Nafarroa) jaioa 1946an, geografo eta unibertsitateko irakaslea da, eta bere ibilbidea, Euskal Herriko eta Nafarroako Landa eta Giza Geografian oinarritu da. Bere lan zientifikoa euskal landa-eremuaren eraldaketan, nekazaritzako pentsamendu sozialean, kliman eta abeltzaintzan
oinarritu da. Gaur egun, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko (RSBAP) presidenteordea da Gipuzkoan. Eta RSBAPen duen egungo ikerketa-lana: 2025ean argitaratutako V. txostena. "Herritartasuna Indartzea" eta VI. txostena prestatzen ari da. Gaia: "Emakumea Euskalerriaren Adiskideen Elkartean".

Margarita Martin meteorologoa da, eta, oraingo honetan, Orkolagaren bizitzaz hitz egingo du; haren prestakuntza autodidaktaz, Zarautzen izandako hasieraz, eta unibertsitateko meteorologoen, kazetari batzuen eta baita Romanonesko Kondearen aldetik jasan zuen jazarpenaz ere arituko da.

Martinek pribilegioa izan du Aita Orkolagak 1905etik sortutako geldoko Behatokiari buruz jasotako datuak eskuratu ahal izateko. Zientzia Fisikoetan lizentziatu zen1978an, eta 2002an Meteorologia Ikasketen Buru plaza lortu zuen Donostian. 2005ean, Euskal Herriko Lurralde Meteorologia Zentroko Burutzara iritsi zen, eta 2009tik Euskadin AEMETeko ordezkaria izan da berriki erretiroa hartu arte. Hori dela eta, Bizkaiko Golkoko meteorologiaren ezagule handia da. Horrez gain, Aita Orkolagaren ezagule handia ere bada, ZarautzOn-erako grabatu zuen eta gure Youtubeko kanalean aurki dezakezuen 'Tantak' saioan erakutsi zigun bezala.

 

 

 

 

 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide