Zarauzko Udalak Gabonak Zarautzen egitarau zabala bezain oparoa ondu du aurten, herriko hainbat eragilerekin eta egilerekin elkarlanean. Horri guztiari nolabaiteko lazo bat jartzearren, Gabonetako Azoka zabalduko du gaur arratsaldean, Amalur parkean, Murkil eta Zurekin elkarteekin lankidetzan. Hain justu ere, irekiera ekitaldia 18:30ean izango da, erraldoiekin eta buruhaldiekin girotuta. Gainerakoan, azokaren ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara izango da; salbuespenak gaur eta abenduaren 12a eta 19a izango dira, arratsaldez soilik irekiko direla.
Azokan paratu dituzten postuak Nahia artisau elkarteak kudeatuko ditu, eta aipatu egurrezko etxoletan egongo diren ekoizleak zein artisauak aldatzen joango dira astero. Bestalde, jan-edanen postu bat ere izango da, eta horretaz ZKEko errugbi taldea arduratuko da. Jakinarazi dutenez, txurroak, txokolatea, krepak, gofreak eta patatak salduko dituzte azoka egunetan, 16:00etatik 21:00etara.
Postuez gain, haurrentzako karrusela ere izango da azokan –bertan ibiltzeak 3 euro kostatuko da– eta asteburuetan atrakzio bereziak eskainiko dituzte doan: 28 metroko luzera duen trineo-puzgarri bat eta eski simulatzaile bat, hain zuzen ere. Atrakzio bereziak egun eta ordutegi hauetan egongo dira erabilgarri: abenduaren 5, 12 eta19an, 16:30etik 20:00etara; abenduaren 6, 8, 13, 20, 26 eta 27an, 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara; eta urtarrilaren 2an eta 3an, 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.
Bihar arratsaldean, berriz, Gabonetarako programaturiko bost kale ikuskizunetako lehenengoa izango da: Bilboko Hiruki Produkzioak taldearen La Senda del Barritar. 18:30etik aurrera, Gaztainpe plazan abiatuko dira eta Alde Zaharreko kaleetan zehar ibiliko dira giroa alaitzen. Kale animazio honetan, olore eta mugimenduz beteriko sei metroko luzeera eta lau metroko altuera duen elefante ikusgarri batek eta bi metroko altuera duten lau elefantetxok hartuko dute parte.