Askotariko euskaltzaleak bildu dira gaur Frantziskotarren elizan euskararen argitara

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 3a

Abenduak 3 ditu gaur, Euskararen Nazioarteko Eguna da, eta Zirika euskara elkarteak Piztu euskararen argia izeneko egitasmoa antolatu du iluntzerako. Jende mordoak egin du bat deialdiarekin.

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, Abenduaren 3a, eta Zirika euskara elkartearen deiari erantzunez, herritar mordoa elkartu da gaur iluntzean Piztu euskararen argia izeneko egitasmoan parte hartzeko. Jendeak sakelako telefonoko argiak piztuta Munoan talde argazkia ateratzea zen asmoa mosaiko bat osatuz, baina eguraldi txarra iragarrita zegoenez, argazkia Frantziskotarren elizan atera dute.

Arranoko gitarra taldeak girotuta, kalejiran iritsi dira elizara Musika Plazatik abiatuta, eta argazkia atera ondoren, kalejiran jarraitu dute kantu poteoan murgiltzeko.

Zirikaren proposamenak askotariko euskaltzaleak bildu ditu, tartean baita udal ordezkariak ere. Han izan da, besteak beste, Irune Urbieta Euskara zinegotzia.

"Euskaltzaleon garaia da"

Argazkia atera eta euskararen aldeko kantu bat abestu ondoren, idatzi bat irakurri du Frantziskotarren elizan bertan Zirika elkarteko kide batek. "Duela urtebete esan ziguten euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdian zegoela, eta erronka zela larrialdia indarraldi bihurtzea", hasi du hitzartzea. Azken datuen arabera, hamarkada bat barru egoera are okerragoa izango dela esan du ondoren: "Siadecoren azken azterketaren ondorioetako bat da 2036. urterako ez dugla arnasgue geografikorik izango". Horregatik, esan du "etorkizuna jokoan" dagoela.

Larritasunaren aurrean indarrak batzera deitu du, eta konponbidea euskaltzaleon esku dagoela azpimarratu du: "Lehenago ere izan da euskararen etorkizuna jokoan, eta galtzear izan den une horietako bakoitzean, euskaltzaletasunak, euskaltzaleok eragin dugu euskararen pizkundea. Milaka herritarren eguneroko erabaki, ekintza eta keinuek ekarri dute euskara bizirik gaurdaino. Beraz, kinka larri honetan ezinbestekoa da berriro ere euskara lehen lerrora ekartzea, euskaltzaletasuna indartzea. Itxaropena jorratzeko garaia da, baina ez itxarotekoa. Batu gaitezen euskaltzaleok".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide