Udalak herritarrak animatu ditu euskararen erabileraz hausnartzera eta neurriak hartzera

Intza Trula 2025eko abenduaren 3a

Udalak Etxezabala aretoko erakusleihoan jarri duen kartela. (Zarauzko Udala)

Zarauzko Udalaren esanetan, "euskararen etorkizuna ez da soilik erakundeen esku dagoen zerbait, herritar bakoitzaren eguneroko erabakien emaitza ere bada". Hala, euskaraz hausnartzeko kartel bat eskegi du Etxezabala aretoan, eta hizkuntza gehiago erabiltzeko aholkuak ere eman ditu.

Euskararen Eguna da gaur, abenduaren 3a, eta Zarauzko Udalak egun hau baliatu nahi izan du herritarrak hizkuntzaren inguruan hausnartzera animatzeko. Gainera, beharrezkoa izango balitz, egoera hobetzeko neurriak har ditzaten ere eskatu die; horretarako, egunerokoan aplika ditzaketen zenbait aholku praktiko eman dizkie erakundeak zarauztarrei. 

Udalak dio euskara dela "zarauztarren berezko hizkuntza, nortasunaren adierazgarri nagusia", eta esan du herriko gastronomia eta ondarea zaintzen dituzten moduan, hizkuntza ere zaindu egin nahi duela. Ildo beretik, udalak azpimarratu du euskararen etorkizuna ez dagoela soilik erakundeen esku: "Herritar bakoitzaren eguneroko erabakien emaitza ere bada".

Horregatik, kartel bat eskegi dute Etxezabala aretoko erakusleihoan, "Zarautz euskalduna nahi duzu?" galdera iradokitzailea egiten duena. Mezu horren bidez, zarauztarrei hausnarketarako bidea zabaldu nahi die udalak, eta egunerokotasunean erabaki "txikiak" hartzera animatu, "keinu sinple horiek ere benetako aldaketarako gako izan baitaitezke".

Udalaren aholku praktikoak

Hori horrela, ondorengoak dira udalak proposatzen dituen aholku praktikoak, zarauztarrek egunerokoan aplika ditzaketenak:

Hizkuntza-erabilera eta elkarrekintza:

  • Lehen hitza euskaraz egin: ahalegindu beti lehen hitza euskaraz egiten. Hortik aurrera, euskaraz jarraitu euskara ulertzen dutenekin.
  • Datu garrantzitsua: zarauztarren %73,45 gai da euskaraz hitz egiteko, eta gainerako %13a ulertzeko gai da. Beraz, zarauztarren %86,45arekin euskaraz komunikatzeko aukera dago.

Zerbitzuak eta Erakundeak: 

  • Zerbitzu publikoetan: egin ahalegina udalean, anbulatorioan, bankuetan eta beste hainbat zerbitzuetan euskaraz jarduteko.

Mundu Digitala eta Teknologia:

  • Plataforma digitalak: webguneetan, aplikazioetan eta sare sozialetan ere euskaraz aritu eta kontsumitu.
  • Gailuen konfigurazioa: telefonoa, ordenagailua eta gure txartelak (bankukoak, liburutegikoak...) euskaraz konfiguratu. Euskara herritarren ingurune teknologikoaren hizkuntza lehenetsia izan dadila.

Kultura eta Aisialdia:

  • Euskarazko kultura kontsumitu: egin ahalegina euskarazko produktuak kontsumitzeko (liburuak, jolasak, musika, zinea, irratia eta telebista...). Euskarazko sorkuntza bultzatzeaz gain, kalitatezko aisialdia euskaraz gozatzeko ohitura hartu.

Euskara ikasten dabiltzanekin zubiak eraiki:

  • Pazientziaz jokatu, mantsoago hitz egin, euskaraz hitz egiteko aukera eskaini, ulertzen dutenei euskara entzuteko aukera eskaini…

Zarautz, herri eredugarria

Udalaren esanetan, Zarautz da Euskal Herriko 20.000 biztanletik gorako "herri euskaldunena", eta erakundearen aburuz, "horrek ardura berezia ematen dio herriari". Zera gehitu du: "Badira gurea baino herri euskaldunagoak, baina oro har herri txikiagoak dira, ez dituzte gureak bezainbeste zerbitzu, kirol eta kultur elkarte... Gainera, ez dute gureak bezainbeste bisitari jasotzen".

Udalak azpimarratu du Zarautzek "prestigioa eta ikusgarritasuna" ematen dizkiola euskarari, eta esan du herri euskaldun "erreferente" den heinean, euskararen biziberritzean "eredu" izatea dagokiola. "Zarauztarrok, beraz, euskaraz bizitzeko aukera eta ardura berezia ditugu", gehitu du.

Azaldu du, gainera, azken urteetan Zarauzko biztanleria hazi egin dela, "baita euskaraz dakitenen kopurua ere". Aitzitik, udalak "kezka iturri" den datu bat nabarmendu du: euskararen erabilera kalean mantendu den arren, azken hogei urteetan, etxeko erabilera beherantz doa. Horren aurrean, udalak esan du euskara etxean erabiltzeak "berebiziko garrantzia" duela, "kate efektua sortzen baitu". "Etxea da hizkuntzaren transmisioaren eta normalizazioaren lehen eskola".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide