Aurreko astean hasi ziren Santa Klara komentuan birgaitze energetikoaren lanak egiten. Joan den uztaileko udalbatzarrean onartu zuten Uranga Royo Ur Arquitectura enpresak idatzitako proiektua, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin –EH Bildu abstenitu egin zen–, eta urria amaieran iragarri zuten Amenabar enpresari esleitu ziotela exekuzio obrak egitearen ardura; lau enpresa aurkeztu ziren lizitaziora, hain zuzen ere.
Birgaitze proiektuaren bitartez, komentuaren eraikin nagusiko behe solairu osoa askotariko ekitaldiak egiteko atonduko dute. "Erabilera anitzeko gelak prestatuko dituzte, eta horiei klaustroa batuko zaie. Dena girotuta egongo da erakusketak, kongresu txikiak eta antzerako jarduerak egiteko. Gainera, edozein elkartek zerbait antolatu nahiko balu, udalak espazio hori eskainiko lioke", nabarmendu du Zarauzko alkate Xabier Txurrukak.
"Sanz Enea handi bat"
Alderatzen hasita, "Sanz Enea handi bat" izango dela aditzera eman du alkateak. "Egungo kultur etxearen erakusketa espazioa lau gela txikiz osatuta baldin badago, honek areto handiak eta klaustro bat izango ditu, beste formatu zein tamaina bateko ekitaldiak egiteko aukera emanez", zehaztu nahi izan du.
Era berean, birgaitze lanen barruan, ondorengo esku hartzeak egingo dituzte: jantzigintza gela eta sukaldea osatzen duten bolumenen eraistea; eraikin nagusiko teilatua desmuntatzea, barruko tabikeak botatzea, arkuen berreskurapena eta egituraren indartzea; patioan lur berria eta estalki arina jartzea; eta batez ere energia aurrezteko neurri zehatzak hartzea, hala nola fatxada bikoitzak jartzea, isolamendu berriak ipintzea eta leiho zein ate guztien berritzea.
Santa Klarako aipatutako lanen aurrenkotua 4.550.125,51 eurokoa da (BEZ barne), baina Zarauzko Udalak Next Generation Europako funtsetatik hiru milioi euroko diru laguntza jaso zuen eraikinaren birgaitze energetikoa egiteko. Hasiera batean, 24 asteko gauzatze epea aurreikusi zuten; lanak 2026ko martxoa amaierarako bukatzea zuten helburu. "Obra handia da, baina ez da zaila", azaldu du Txurrukak. Horren haritik, sanpelaioetarako amaituta egotea espero du.
Behin-behineko pasabidea
Une honetan, birgaitze lanak direla medio, Santa Klara komentuaren zati bat hesituta dago: hain justu ere, Astazubi plazatik Amalur parkerako sarrera-irteerako eremu osoa. Bertan pilatu dituzte obretarako materialak eta makinak, eta fatxadan ere zintzilikatu dute egin beharrekoak zehazten dituen kartel informatibo handia. Bien bitartean, oinezkoentzako bidea etenda geratu denez, Zarauzko Udalak behin-behineko pasabide gris bat egin berri du, itxiturararen ondotik doana, komun autogarbigarrien aldamenetik.