Udalak bigarren bizitza eman die 800 bizikleta baino gehiagori

Ian Ruiz Lizaso 2025eko abenduaren 1a

Herriko bizikleten inguruko proiektuaren aurkezpena (Zarauzko Udala)

Urtero 200 bizikleta baino gehiago erretiratzen dira bizikleteroetatik. Alde batera utzita edo zirkulatzeko egoera txarrean egoten dira, espazioa okupatzen dute bide publikoan, eta ez diete aparkaleku horiek erabiltzen uzten behar dituztenei.

Zarauzko Udalaren, Bangassou Fundazioaren eta Ayuda Contenedores GKEaren arteko lanari esker, 800 bizikleta inguru erretiratu dira Zarauzko kaleetatik, 2021etik 2024ra bitartean. Bizikleta horiek berreskuratu eta Hirugarren Munduko hainbat herrialdetara bidaliko dira, bigarren bizitza bat izateko. 

Haur eta nerabe askok egunero erabiltzen dituzte bizikletak eskolara hurbiltzeko, baita arratsaldean kirola egitera edo eskolaz kanpoko jarduerak egitera joateko ere. Helduek ere erabiltzen dute lanera joateko, erosketak egitera joateko edo autobusa edo trena hartzera hurbiltzeko. Horrez gain, errepideko zein mendiko bizikletarekin ibiltzeko zaletasun handia dago.

2023ko azaroan, Olatu Berdea enpresak Zarauzko bizikletaren erabilerari buruzko azterketa bat egin zuen. Bertan, 28.000 bizikleta baino gehiago daudela azpimarratu zuten, eta horrek argi uzten du garraiobide horren erabilerak herrian duen garrantzia.

Txosten horren arabera, Zarautzen etxebizitza bakoitzeko bizikleten batez bestekoa ia hiru unitatekoa (2,91) da, batez beste Gasteiz (1,5) edo Donostia (1,2) baino zifra askoz handiagoa izanik. Inguruko hirietatik haratago, kopuru horrek Zarautz ere bizikleta-tradizio handiko eta mundu mailako izen handiko beste hiri batzuen gainetik kokatzen du, hala nola Amsterdam (1,91), Kopenhage (1,8), Groningen (1,7) edo Utrecht (1,6).

Biztanleko bizikleten batez bestekoari dagokionez, kopuruak gehiago hurbiltzen dira, baina, bizikletak Zarauzko bizitzan duen garrantzia argi ikusten da oraindik ere (1,23 bizikleta/bizt.), Groningenetik (1,7) edo Utrechtetik (1,44) oso gertu eta Amsterdam (0,97), Kopenhage (0,84), Gasteiz (0,62) edo Donostiatik (0,57) gora.

Iker Basurko (EAJ-PNV) Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez: "Bizikleta gure kulturaren parte da Zarautzen, horregatik, ez da beharrezkoa bizikleta sustatzea". Egoera horren aurrean, bizikleten mundua kudeatzera behartuta daudela azpimarratu du, eta, horregatik, bizikletaren kulturari balioa eman nahi dion proiektuan murgilduta daude, "errespetua eta bizikidetza" sustatzeko. 

Urtero 200 bizikleta baino gehiago erretiratzen dira bizikleteroetatik. Alde batera utzita edo zirkulatzeko egoera txarrean egoten dira, espazioa okupatzen dute bide publikoan, eta ez diete aparkaleku horiek erabiltzen uzten behar dituztenei. Egoera horretatik sortu zen bizikleta horietako askori bigarren bizitza eman dien gizarte- eta lankidetza-proiektuari forma emateko aukera.

Udaltzaingoak kalean abandonatuta edo egoera txarrean dauden bizikletak detektatzen dituenean hasten da prozesua. Bizikleta horiek pegatina batekin identifikatzen dituzte, jabeari abisua emanez bizikleta hori kendu edota konpontzeko, edo, bestela, 45 egunetan erretiratuko direla esanez. Ondoren, udal gordailura eramaten dira, eta bertan, araudia betez, bi urtez egongo dira. Denbora horretan, jabeek bere bizikleta hartzeko aukera dute, beren jabetza egiaztatzen badute.

Bi urte horiek igaro ondoren, Ayuda Contenedores GKEko langileek Iruñeko pabiloira eramaten dituzte, eta  boluntario-talde handi batek prestatzen ditu. Amaieran, zati batzuk hiri-hondakinera joango dira, baina elementu asko aprobetxatzen eta osatzen dira. Bizikleta horiek garapen bidean dauden herrialdeetara ateratzen diren loteetan sar daitezke, non bizikleta horiek bigarren bizitza bat izango duten eta eguneroko mugikortasunean lagunduko dieten pertsona askori.

"Proiektu honen arrakastak dagoeneko antzeko proiektuekin martxan jarri diren beste hiri batzuen arreta erakarri du. Zarautzen kasuan, orain ideia berrietan pentsatzen jarraitzea dagokigu, abandonaturik utzitako bizikleta horiek bigarren bizitza bat eta gizarte onura bat izan dezaten", gehitu du Basurkok.

Proiektuaren aurkepena Bilbon

Duela gutxi, REDS-SDSNk bultzatutako Ekonomia Zirkularreko jardunaldi bat egin zen Bilboko Ingeniari Eskolan. Bertan izan ziren, beren esperientziak azaltzeko, horri buruz zeresana duten hainbat erakundetako ordezkariak. REDSeko eta Eskolako ordezkariekin batera, beren esperientziak azaldu zituzten, besteak beste, Eva Savignek, Nafarroako Ingurumen Kudeaketako Ekonomia Zirkularreko Agendako lantaldearen arduradunak; Gasteizko Udalekoak Joseba Sanchez Rodriguezek, Ecoembeseko Jose Arrancudiagak; Garbikerreko Jon Saenz de Viguerak; eta Iker Basurkok, Zarauzko Udalaren ordezkari bezala.

Basurkok kaleetako bizikletak berreskuratzeko eta Hirugarren Munduko herrialdeetara bidaltzeko proiektu hau azaldu zuen bere hitzaldian. Proiektuak "oso harrera ona" izan zuen, bai bere berezitasunagatik, bai jasangarritasunaren ikuspegitik zein gizarte- eta lankidetza-ikuspegitik egindako ekarpenagatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide