Nomada Jaialdiko erakusketa parte hartzailea irekiko dute gaur

Aritz Mutiozabal 2025eko azaroaren 28a

Nomada jaialdiko artxiboko irudia. (Emaus)

Sormen prozesuei buruzko hainbat gune paratuko dituzte Merkatu plazako lehen solairuan, abenduaren 6a bitartean, Emaus Fundazioak antolatuta.

Emaus Gizarte Fundazioak Nomada Jaialdiaren hirugarren edizioan antolatu du, Batzen gaituen kultura lelopean, eta, aurten, Derion (Bizkaia), Donostian eta Zarautzen antolatu dituzte ekitaldiak. Adin eta jatorri guztietako herritarrak elkartu eta sortzera gonbidatu nahi dituzte aipatu ekitaldietan, denek batera kulturaz goza dezaten, ahots guztiek garrantzia duten espazio partekatu bat sortuz.

Zarauzko kasuan, erakusketa berezi bat zabalduko dute bihar Merkatu plazako lehen solairuan, eta bertan argazkilaritza, eskulturgitza, artesaugintza eta txotxongilo ekoizpenari buruzko sormen prozesuak izango da ikusgai. Baita horietan modu aktiboan parte hatzeko aukera ere.

Joseba Parronek Iruditu argazkilaritza tailerra aurkeztuko du; Zarauzko Sormen Eskolak artesautzari loturiko sormen gunea; Kromosoma Artisau Elkarteak Hondartzen memoria, eskulturgintza tailer kolektiboa; eta Tolosako Topic-ek dinamizatutako Hariak txotxongilosak sortzeko gunea.

Nomada Jaialdiko erakusketa parte hartzailea abenduaren 6ra arte egongo da, eta herritar orori dago irekia; astelehenetik ostiralera 08:30etik 13:30era eta 17:00etik 20:00etara, eta larunbatetan 08:00etatik 14:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide