"Dotorea eta arrakastatsua" izan da aurtengo Zarautzen Zientziaz Blai

Aritz Mutiozabal 2025eko azaroaren 26a

Modelo aretoa ia bete egin zen atzo arratsaldean Zarauzko bost ikerlariren lanak eta proiektuak bertatik bertara jarraitzeko. Zarautzon elkarte antolatzailea pozik agertu da aurtengo edizioa ere gustagarria izan delako.

Zarautzon elkarteak antolatuta, Zarautzen Zientziaz Blai jardunaldiaren 11. aldia egin zuten atzo arratsaldean Modelo aretoan, zientzia eta teknologia arloko bost zarauztarren parte hartzearekin. Herriko ikerlariei hitza eta ikusgarritasuna emanez, dibulgazioa sustatzea du helburu egitasmoak.

Atzokoan, Lukas Aranak, Janire Aranberrik, Oier Ijurcok eta Eneko Atxak parte hartu zuten parte, eta, aurtengo gonbidatu berezia Iban Ameztoi izan zen. Bakoitzak bere lanari buruzko xehetasunez eta aurrera begirako proiektuez  aritu zen solasean, azalpen benetan interesgarriak kontatuz.

Antolatzaileak gustura agertu dira aurtengo edizioarekin, "ekitaldi dotorea eta arrakastatsua" izan dela nabarmenduz; haien esanetan, Modelo aretoa ia jendez betetzeaz gain, bertaratu zirenen gustagarri izan zen. Era berean, jakinarazi dute ekitaldi osoaren bideoa aurki igoko dutela zarautzon.org webgunera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide