Zortzi zarauztar lehiatuko dira EH K-1 kickboxing jaialdian

Aritz Mutiozabal 2025eko azaroaren 26a

Iazko EH K-1 kickboxing jaialdiko borrokaldietako bat. (Juan Luis Romatet)

Larunbat arratsaldean izango da kirol ekitaldia, 17:00etan hasita, Aritzbaltalde pilotalekuan. Guztira, hamahiru borrokaldi prestatu dituzte hitzordurako, eta aurrez salgai jarri dituzten sarrera guztiak agortuta daude; egunean bertan sarrera gutxi batzuk jarriko dituzte txarteldegian.

Kuraia Fight Klub Zarautz taldeak EH K-1 kickboxing jaialdia antolatu du hogeigarrenez larunbat arratsalderako; Aritzbatalde pilotalekuan izango da, 17:00etan hasita, eta, guztira, hamahiru borrokaldi jokatuko dituzte, pisu eta kategoria ezberdinetakoak. Bi hamarkada hauetako balorazio oso ona egin du Kuraia Zarautzeko entrenatzaile eta jaialdiaren antolatzaile Asier Garaiarrek, eta aurtengo edizioarekin ere ilusioz beteta daudela adiera du.

Aurten, gainera, zortzi zarauztar igoko dira ring gainera; horietako bost Kuraia Zarautz taleko kideak dira –Yuri Mendizabal, Iokin Elizalde, Markel Agiriano,  Manex Arreitunandia eta Aritz Irureta– eta gainerako hirurak, berriz, VAR Muay Thai taldekoak –Telmo Rotaetxe, Aritz Olazabal eta Jon Arizaga–. Mendizabalentzat, Elizalderentzat eta Agirianorentzat hitzordu berezia izango da, borrokaldi batean debuta egingo dutelako.

Ohi bezala, azken lehiak izango dira jaialdiko ikusgarrienak. Azken borroka eta hitzorduko garrantzitsuena Xabier Sanchez Gasol-en eta Edgar Tixeiraren arteakoa izango da, maila handiko norgehiagoka neoprofesionala. Horrez gain, emakumeen arteko bat ere antolatu dute: Nahia Roman eta Haizea Gonzalez ariko dira nor baino nor.

Zarauzkoa jaialdi klasiko bat da jada kickboxing zaleen artean, eta hori agerian geratu da sarreren salmentan. Izan ere, aurrez salgai jarri dituzten txartel guztiak agortu direla jakinarazi du Garaiarrek. Sarrera gutxi batzuk utzi dituzte larunbaterako, espresuki kanpotik datozenek aukera izan dezaten. "Nabaritzen da gaur egun modan dagoen kirola dela", azpimarratu du antolatzaileak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide