"Jazarpenaren prebentzioa eta elkarren arteko zaintza" lantzen ditu Katxiporretaren liburu berriak

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 25a

'Irri Berri' proiektuaren sortzaileak, Garoa liburu dendan egindako aurkezpen ekitaldian. (Julene Sorarrain)

Ipuinaren eta musikaren bitartez, jazarpena eta prebentzioa lantzen ditu Katxiporretaren Irri Berri azken lanak. Proiektuaren parte izan dira Nerea Loiola idazlea, Xabi Zabala musikaria, Karmele Gorroño ilustratzailea, Adore proiektuko Irati Galardi, eta Katxiporretako kideak. 

Katxiporretaren Irri Berri proiektu berriak, ipuinaren eta musikaren bidez, jazarpena eta prebentzioa lantzea ditu helburu, haur eta helduen artean gogoetarako eta hausnarketarako espazio bat sortuz. Aste honetan aurkeztu dute lana, Zarauzko Garoa liburu dendan, eta bertan izan dira ipuinaren egile Nerea Loiola, abestiaren konpositore Xabi Zabala, Irrimarrako Karmele Gorroño ilustratzailea, Adore proiektuko Irati Galardi, eta Katxiporretako kide Joxe Mari Agirretxe Porrotx, Mertxe Rodriguez Marimotots eta Aiora Zulaika Pirritx.

2017an kaleratutako Borobilean diskoko materiala aurkitzeaz gain –bideoklipak, koreografiak eta abestiak–, abesti berria txirulaz jo ahal izateko partitura eta abestiaren playback-a eskuragarri jarri dituzte, baita ipuinaren irakurketa sakonago bat ahalbidetuko duen familien eta hezitzaileen gida bat ere. "Baliabide honek, elkar zaintzaren garrantziaz hitz egiteko gune goxoak sortzea du helburu, bullyingaren prebentzio lanetan; baita jazarpen kasuetan, helduei orientazio bide bat eskaintzea eta ipuinari beste begirada batetik begiratu eta aztertzeko bideak zabaltzea ere", azaldu dute proiektuaren sortzaileek.  

Agirretxek kontatu duenez, hezkidetza eta bizikidetza beti izan dira presente taldearen jardunean, eta oraingo honetan, Irri Berri proiektuarekin, modu zehatzago batean landu nahi izan dituzte jazarpena eta prebentzioa. 

Horretarako, lehenengo pausoak Irati Galardi Adore proiektuaren sortzaileak eman zituen, Katxiporretako kideekin harremanetan jarri zenean. Hain zuzen ere, Galardik jazarpena jasan zuen haurtzaroan, eta duela bost urte bere testigantza azaltzen zuen bideo bat partekatu zuen, ikastetxeetan material pertsonalizatu gisa aurkezteko asmoarekin. Zarauztarrak, ordea, "haratago joateko beharra" ikusi zuen duela urtebete, eta horregatik sortu zuen Adore proiektua. "Modu eraikitzaile eta ekintzaile batetik, hitzaldiak, asistentzi lanak, dinamikak eta formakuntza saioak eskaintzen ditut", azaldu du Galardik. Halaber, pailazoek edozein gai "naturaltasunez eta modu eraikitzailean lantzeko gaitasuna" dutela azpimarratu du, eta hori izan zen beraiekin harremanetan jartzeko arrazoia. "Azken finean, jazarpena eta egoera deserosoak txikitatik bizi daitezke, eta helburu nagusia da, txikitatik gai hau landu ahal izateko material zehatz bat eskaintzea", gehitu du. 

Katxiporretaren 'Irri Berri' liburu berria. (Julene Sorarrain)

Behin jazarpenaren gaia finkatuta zutela, Zarauzko bizilaguna den Nerea Loiola idazlearekin jarri ziren harremanetan istorioa sortzeko. Loiolak prozesua "oso polita" izan dela kontatu arren, "erronka bat" ere izan dela aitortu du, "alde batetik, gaiak berak duen dimentsioarengatik, eta bestetik, ez naizelako gaian aditua". Hasiera batean, Loiolak argi izan zuen Pupu edota Lore jazarpenaren biktima gisa irudikatuko zituela, baina azken momentuko aldaketa batzuen ondoren, Pirritx eta Porrotxen haurrak erasotzaile gisa irudikatzea erabaki zuen. "Etxean biktima bat izatea izugarri gogorra iruditzen zait, baina baita erasotzaile bat izatea ere", kontatu du idazleak.

Istorioari kolorea emateko ardura izan du Karmele Gorroño ilustratzaileak. Bullying eta jazarpen egoeratan gertatzen dena irudikatzea "oso zaila" dela esan du Gorroñok. Horretarako, garrantzia eman die bereziki pertsonaien aurpegiei eta espresioei. "Orokorrean, kolore eta xehetasun asko sartzen ditut nire ilustrazioetan, baina kasu honetan, garrantzitsuagoa iruditu zait atentzioa pertsonaien aurpegietara eta espresioetara bideratzea, atzealdea guztiz zuria utzita", azaldu du ilustratzaileak.

Proiektuko musika sortzeaz, aldiz, Xabi Zabala zarauztarra arduratu da. Zabalak argi du musika hezkuntza dela, eta errealitate horretatik abiatuta, jazarpena sufritzen dutenen prozesua islatu du abesti berrian. "Jazarpena jasotzen duzunean, egoera ezberdinetatik igaroko zara, besteak beste, egoera latzak, tristeak edota sakonak. Baina momentu bat iritsiko da, kolpe bat emango duzula mahai gainean, eta aurrerantz joateko beharra izango duzula. Prozesu hori transmititu nahi izan dut musikaren bitartez", zehaztu du.

Aipatutako ipuin eta abestiaz gain, gurasoentzako eta hezitzaileentzako material pedagogiko gehigarria ere txertatu dute QR batean

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide