Maddi Gesalagaren taldea nagusitu da Kirol Herriko lehen jardunaldian

Aritz Mutiozabal 2025eko azaroaren 24a

Aritzbatalde pilotalekuan jokatu zuten larunbat eguerdian, C eta D taldeen artean. Guztira, zazpi proba egin zituzten, banaka, binaka eta launaka.

Sustraia Kirol Ekitaldiak elkarteak sustatutako Kirol Herri lehiaketa estreinako jardunaldia jokatu zuten larunbat eguerdian, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Aizkolaritza eta harri jasotzea uztartzeaz gain, parekidetasunaren aldeko apustua egin nahi duen txapelketa da, eta bina emakumezkok eta gizonezkok osatutako taldeetan lehiatzen dira. Larunbatean, C taldeak –Hodei Ezpeleta Bihurri, Nerea Arruti, Gari Garmendia eta Maddi Gesalaga– eta D taldeak –Xabier Zaldua, Karmele Gisasola, Beñat Telleria eta Ainitze Zumeta– neurtu zituzten indarrak, eta Gesalagaren laukoa nagusitu zen aise. 

Guztira, zazpi proba jokatu zituzten eta 11 puntu izan ziren jokoan, eta C taldeak 8 puntu bereganatu zituen; D taldeak, berriz, gainerako 3 puntuak. Lehenengo lau probak banakakoak izan ziren, bina aizkoran eta harriarekin, eta horiek puntu bana balio izan zuten. Lau puntutatik hiru erdietsi zituzten D multzokoek, baina bi puntuko ondorengo bi proba konbinatinatuak elkarbatu zituzten. Beraz, azken probara bost eta hiru punturekin iritsi ziren markagailuan.

Azken proba erabakigarria izan zen, talde bakoitzeko lau kideek hartu zutelako parte eta hiru puntu zeudelako jokoan. Ezpeletak, Arrutik, Garmendiak eta Gesalagak indartsu daudela erakutsi zuten, eta 2 minutu eta erdiko aldearekin irabazi zuten azken txanpako proba konbinatua.

Datorren asteburuan, azaroaren 29an, Kirol Herri lehiketaren bigarren jardunaldia Oikian izango da, eta ondorengoak honako hauek: abenduaren 8an, Alegian; abenduaren 13an, Donezteben; abenduaren 31n, Asteasun; eta finala, urtarrilean, tokia zehazteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide