Plaieroetako bildumazaleentzat

Aritz Mutiozabal 2025eko azaroaren 23a

Duela hilabete pasatxo argazkiak ateratzen ibili ondoren, iritsi dira plaieroetako taldeen eta jokalarien kromoak. Gaur aritu dira banatzen eta saltzen albumak eta zorroak jardunaldia bukatu ondoren.

Gaur eguerdian aurkeztu dute 81. Hondartzako Futbol Txapelketako 2025-2026 denboraldiko albuma, plaieroetako lokalaren aurrean. Jardunaldia bukatu baino lehenxeago hasi dira antolatzaileak taldeen eta jokalarien kromoak dakartzan zorrotxoak saltzen. Izan ere, egitasmoak ikusmin handia piztu du, ez parte hartzaileen aldetik bakarrik, baizik eta gertuen eta herriko hainbat eta hainbaten artean.

Behin norgehiagokak bukatutakoan, ilara luzea sortu da antolatzaileek atondu duten postutxora. Jokalari guztientzako bereziki eskatu dituzte albumak, eta horien banaketa egin dute. Era berean, eskaintza bereziak egin dituzte gaurkoan: albuma eta bost kromo zorro 6 euroan ,eta albuma eta 23 kromo zorro 25 euroan, hain zuzen ere.

Jendeak ilusioz jaso ditu albuma eta kromoak, eta denak norbera edo bere taldekideak tokatzen zitzaizkion esperantzaz irekitzen aritu dira zorroak. Poteoak elkar aldatuko dituztela ere azaldu dute batzuek. Orain, gaztetan bezala, bilduma osoa osatzea izango dute xede.

Kromo zorro bakoitzak 1,20 euro balio du eta ondorengo establezimenduetan eskuratu daiteke: Garoa liburu dendan, Bunker goxoki dendan, Arrano tabernan, Itxas lur jatetxean eta Kafe Lauok-en.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide