Musikarien egun handia, herritarren gozagarri

Aritz Mutiozabal 2025eko azaroaren 23a

Santa Zezilia Eguneko kontzertua eskaini zuten atzo arratsean herriko hainbat eragileek Lizardi kirol aretoan. Guztira, hamalau pieza interpretatu zituzte elkarrekin, Jaione Eskuderoren eta Josu Txapartegi Txapas-en zuzendaritzapean.

Atzo, Musikarien Nazioarteko Egunez, herriko hainbat musikari eta abesbatza 21. urtez elkartu ziren elkarrekin  ospatzeko. Aurten, kalez kale aritu beharrean, emanaldi berezi bat eskaini zuten Lizardi kirol aretoan, bertaratu ziren herritar guztien gozagarri.

Kaletik areto itxirako aldaketa sinbolizatu zuten ekitaldi hasieran, partaide guztiak txistularien doinuen atzetik sartu zirenean. Aurrez, Zelai Ondo auzoko bolatokian elkartuko ziren musikariak, eta han pare bat abesti jo ondoren abiatuko kalejiran. Behin aretora iritsita,  Mitxel Murua idazlea arduratu aritu zen aurkezle lanetan, emanaldiaren eta interpretatuko zituzten abestien nondik norakoen berri ematen.

Zarautz Abesbatza, Montetxio abesbatza, Udaberri abesbatza, Txinpirin eta Zarazte gazte abesbatzak, Gure Boza kantu taldea, Goizeko Ihintza txistulari taldea, herriko txistulariak eta Zarauzko Musika Bandako musikariak ari ziren elkarrekin, eta, guztira, hamalau pieza eskaini zituzten, gehienak, Imanol Urbietarena. Gidari lanetan, berriz, Jaione Eskudero eta Josu Txapartegi Txapas aritu ziren txandaka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide