Zarauzko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren dirulaguntza bat baliatuz, landa lurreko 178 hektareako azalera hartzen duten 146 lursail mugatzeko lanekin hasi da, Geograma enpresaren laguntza teknikoarekin.
Zarauztar gehienak hirigunean bizi den arren, badira hainbat zarauztar landa eremuetan bizi direnak. Kasu askotan, jabeen edo haien oinordekoen lursailen inguruko ezagutza faltak mugak nahastea edo besterik gabe desagertzea eragiten du. Informazio gehiago galdu aurretik, muga horiek identifikatzea eta ondo jasotzea komenigarria dela adierazi du udalak.
Proiektuaren helburua da lursailen mugei eta mugarriei GPS koordenatuak ematea, egon daitezkeen akatsak argitzeko eta zuzentzeko. Lan hauek behar bezala burutzeko 78 jabe baino gehiagoren kolaborazioa ezinbesteko baldintza da. Hasteko, jabeek mugak garbitu, mugarriak topatu eta mugakideekin adostu beharko dituzte. Ondoren, Geograma enpresak markatutako mugen eta mugarrien koordenatuak jasoko ditu eta planoak entregatuko dizkie jabeei. Behar izanez gero, Katastroan jasota dauden mugak zuzenduko dira.
Garbiñe Oiarbide (EAJ-PNV) Partaidetza, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak adierazi duenez: “Proiektua gauzatzeko ezinbestekoa izango da jabeen lankidetza, izan ere, mugakideen arteko adostasunik ezean ez da posible izango mugak digitalki ezartzea". Gainera, jabeen parte-hartzea borondatezkoa da, baina aukera "ezin hobea" dela nabarmendu du Oiarbidek, beren jabetzakoak diren lur-sailen mugak digitalki jasotzean ez dielako gastu ekonomikorik ekarriko.
Landa eremuaren kudeaketarako jabetzen eta horien mugen ezagutza "garrantzi bizikoa" dela ere azpimarratu du. Horregatik, prozesu honetan aztertuko diren landa-lursailen jabe guztiek gutun bat jasoko dute, Udaleko Batzar Aretoan, abenduaren 10ean, egingo den proiektuaren inguruko azalpen-bilerara gonbidatzeko.
