Aldundiak Ixpillako ur gezako aintzira babesteko lanak egingo ditu

Ian Ruiz Lizaso 2025eko azaroaren 24a

Ixpillako aintzira babesteko lanak egingo ditu aldundiak. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Lana bi hilabeteko epean egitea aurreikusten da, eta proiektuaren barruan hegazti populazioen jarraipena ere egin nahi dute, hegaztien erresilentzia hobetzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen egunetan ekingo die Iñurritzako Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) dagoen Ixpillako aintzira babesteko lanei. Ur gezako gune garrantzitsua da, hegazti migratzaileek eta bertan negua igarotzen duten beste espezieak aurkitzen direlako. Klima aldaketaren ondorioz, itsas maila igo egiten da eta ekaitz handiagoak daude. Horrek, zonaldearen egonkortasuna arriskuan jartzen du eta tarteka ur gazia sartzen da.

Lanak bi hilabeteko epean egitea aurreikusten dute, eta ondorengo helburu hauek dituzte: erregimen hidrologikoa bermatzea, aintziraren funtzionaltasuna hobetzea, azalera ahalik eta gehien handitzea, habitatak eta fauna eta flora populazioak kontserbatzea eta babestea sisteman. Era berean, proiektuaren barruan hegazti populazioen jarraipena egitea ere aurreikusten da, hegaztien erresilentzia hobetzeko.

Horretarako, aintziraren babesa indartu nahi dute, 2009an birprofilatutako lubeta harritsu zahar bat ordezkatuz. Egitura inguruko paisaiarekin integratuko da, eta, horri esker, padurak eta duna-landaredia lehengoratzeko espazio berriak sortu ahal izango dira. Gainera, hezegunearen azalera handitzea aurreikusten da, zonan metatutako sedimentuarekin, eta egokitu egingo da, ur libreen eremuak eta landaredi baskular azaleratua dutenak birbanatuz. Azkenik, landaredi-tratamenduak egingo dira, inguruko landarediaren egokitzapena eta oreka bermatzeko.

Lanak Egokitu Babesleku Klimatikoak Biodibertsitaterako (PIMA Adapta Refugios Climáticos para la Biodiversidad) programaren barruan sartzen dira. Proiektu horretara 82.942 euro bideratuko dituzte.

Espezie askoren babesleku

2020-2023 bitartean egindako behaketen arabera, hamar espezie habiagile identifikatu dira Inurrritzan, horietatik hiru Euskal Espezie Mehatxatuen Katalogoan “bakanatzat” jotzen dira, eta bat, txirritxo txikia, “kaltebera” gisa dago sailkatuta. Espainiako katalogoan babes bereziko erregimenean dauden zazpi espezie ere identifikatu dira. 

Gainera, guneak potentziala du beste espezie urtar batzuk bertan ugaltzeko, hala nola,
amiltxori arrunta eta lertxuntxo txikia.

Neguan eta migrazio garaian espezie ugari ikus daitezke inguruetan, besteak beste, mokozabala, kuliska txikia, koartza hauskara eta txirri arrunta.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide