Erakusleihoak atontzera animatu dituzte dendariak

Intza Trula 2025eko azaroaren 24a

Javier Lucas eta Rosi Eizagirre, iazko Gabonetako Erakusleiho Lehiaketako irabazleak, saria jasotzen. (Intza Trula)

43. Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa antolatu dute Zarauzko Udalak eta Murkilek elkarlanean. Parte hartu nahi duten establezimenduek izena eman beharko dute, eta abenduaren 9tik urtarrilaren 6ra apainduta eduki beharko dituzte erakusleihoak.

Abian da 43. Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa, eta urtero legez, dendari oro animatu dute parte hartzera. Irudimenari bide eman, eta establezimenduak atontzera bultzatu dituzte herritarrak ekimenaren antolatzaile Zarauzko Udalak eta Murkil Zarauzko merkatarien elkarteak.

Parte hartzen dutenen artean dotoreena hautatuko du epaimahaiak, eta horretarako honako irizpideak izango ditu kontuan: erakustokiaren aurkezpena, salgai dauden artikuluen erakusketa erakargarria, dekorazioaren originaltasuna –Gabon garaia kontuan izanik– eta euskal ohitura eta tradizioekin lotutako gaiak izatea.

Gainera, materialen erabilera iraunkorra eta hondakinen murrizketa sustatze aldera, material birziklatu eta birziklagarrien erabilera sarituko dute, kanpainan zehar erabilitako produktu, material eta baliabideei balioa emateko, hondakinen sorrera ahalik eta gehien murrizteko.

Horrez aparte, erakusleihoetan jarritako mezuak euskaraz idatziak egon beharko dute; euskaraz eta gaztelaniaz edo beste hizkuntza batzuetan jarriz gero, euskaraz daudenak lehenetsiko dira.

Izen ematea eta sariak

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, lehiaketan parte hartu nahi duten dendek aurretik jakinarazi beharko dute, Turismo Bulegoan edota 943-83 09 90 telefonora deituta. Izena emateko azken eguna abenduaren 9a izango da; erakusleihoak, berriz, abenduaren 9tik urtarrilaren 6a arte egon beharko dute apainduta. Halaber, irabazlea abenduaren 17an jakinaraziko du epaimahaiak.

Sariei dagokienez, lehenengo saridunak 800 euro eta garaikurra jasoko ditu, bigarrenak 500 euro, eta hirugarrenak, Murkilen eskutik, 300 euro. Sarituak Murkileko kide badira, 100 euroko gainsaria jasoko dute. Horrez gainera, dendarien elkarteak 100 euroko bost erosketa-bonu zozkatuko ditu parte hartzaileen artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide