Zarauzko Udalak emakume baten aurka izandako eraso matxista baten berri eman zuen atzo, eta herritarrak deitu zituen jazoeraren aurka bildu eta gertatutakoa salatzera. Hala, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian udaletxearen aurreko aterpe batean, eta bertan izan dira udaleko zenbait ordezkari. Indarkeria matxistarik gabe aske! idatzita zuen pankarta baten atzean bildu dira, eta isiltasuna mantendu dute zenbait minutuz, gertatutakoa gaitzesten.
Ertzaintzak jakitera eman zuenez, pasa den igandean gertatu zen sexu askatasunaren aurkako erasoa. Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen orduan, eta asteartean atxilotu zuen ustezko egilea; ondoren, Azpeitiko Epaitegiaren esku utzi zuten kasua. 23 urteko gizona da ustezko egilea, Ertzaintzaren arabera.
Erasoaren berri ematearekin batera, udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek adierazpena kaleratu zuten, erasoa "irmotasunez" gaitzesteko, eta gertatutakoaren aurrean samina agertzeko. Gainera, biktimari eta haren gertukoei babesa helarazi zieten oharraren bitartez, eta berdintasunean oinarritutako gizartea lortzeko duten konpromisoari lotuta, herritarrei eraso sexista guztiei aurre egiteko deia luzatu zieten. "Udal honek horrelako ekintzak arbuiatzen eta ulertezintzat jotzen ditu", gehitu zuten.
Foru Aldundia udalarekin bat
Erasoaren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere "gaitzespenik irmoena" adierazi nahi izan du. Era berean, foru erakundeak "gertutasuna eta elkartasuna" adierazi nahi izan dizkio biktimari, baita haren senideei eta gertukoei ere. Era horretan, Zarauzko Udalak kaleratutako adierazpenarekin bat egiten duela jakinarazi du.
Halaber, sexu-askatasuna eta pertsonaren osotasun fisikoa "eskubide bortxaezinak" direla egin du azpimarra, eta gehitu du eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dutela lekurik gizartean. Aldundiaren arabera, horrelako gertakarien jatorria "gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta da, emakumeak mendean eta kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistetan".