Euskarari etorkizun berri bat emateaz aritu zen solasean Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel, astearte arratsaldean, Etxezabalako aretoan, Zirika euskara elkarteak antolatuta. Berria egunkariko kazetari Gurutze Izagirrek gidatu zuen saioa, eta gonbidatua aurkeztu bezain pronto, Zarautz arnasgune dela adierazi zuen, bere ahuldadeekin, nahiz eta Euskal Herriaren argazkia bestelakoa izan. "Zentzu horretan, Zarautzen agian pribilegiatuak izan gaitezke?", egin zion galde. Eskisabelen iritziz, "euskara" eta "pribilegiatua" ezin dira esaldi berean josi, "beste era bateko euskal herri asko" daudelako. "Askotan ez dugu Erriberara joan beharrik horretaz jabetzeko; geure ingurutik ez dugu askorik mugitu behar bestelako gune batzuekin lotzeko", gaineratu zuen.
Bi argazki egin zituen Kontseiluko idazkariak, lotura dutenak elkarren artean, "baina erabateko ispilu ez direnak". Alde batetik, euskararen estatusaren argazkia osatu zuen, azalduz lege, arau eta aitortza aldetik nola dagoen Euskal Herriko toki ezberdinetan. Beste aldetik, begirada soziolinguistikoaren argazkia egin zuen, ezagutzari eta erabilerari dagokiona.
Hiru ikuspegi
Euskararen estatusari erreparatuta, "Euskal Herria hiru gune administratibo-politikotan banatuta dago, eta horrek euskararentzat edo euskararen aldeko politikak egiteko oso zoru ezberdinak jartzen ditu". Ipar Euskal Herrian euskarak ez dauka ofizialtasunik: "Tolerantzia badago, baina hortik berdintasunera alde handia dago". Nafarroan hiru gunetan banatuta dago: "Eremu jakin batean ofiziala da, eremu mistoan estatus anbibalentea dauka eta ez euskaldun izendatuan ez du inolako aitortzarik, Ipar Euskal Herriaren pareko". Nafarroakoa Europan beste inon gertatzen ez den fenomenoa dela azaldu zuen Eskisabelek: "Beran kotxea hartu eta Tafallara bazoaz, eta euskalduna bazara, hizkuntza eskubidea galtzen zoaz pixkanaka-pixkanaka".
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa, berriz, "paradisutxoa" direla nabarmendu zuen. Hala ere, momentu honetan "desofizializazio prozesu bat" gertatzen ari dela aditzera eman zuen Kontseiluko idazkariak, "azken oldarraldi judizialen ondorioz". Hala ere, argi eta garbi utzi zuen ezin dela ahaztu udal legearen epaia: "Traba asko jartzeaz gain, hizkuntz politika aurreratuak kontuan hartzen zituzten artikuluak baliogabetu ditu. Esaterako, euskara lehenesteko aukera eragozten da".
Hizkuntza politikak egiteko lege tresna egokienak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izan diren arren, "gutxiengoentzako ikuspegia" izan dutela kritikatu zuen Eskisabelek. "Hezkuntza politiken kasuan salbu, oro har, egin dena izan da euskal hiztunoi eskubide batzuk aitortu eta horien gauzapenean jarri indarra, batez ere, administrazioarekin harremana izaterakoan. Horren adibide dira ETB2 indarrean jartzea edo administrazioaren beraren hizkuntza plana herritarren arabera pentsatzea. Ez dago euskalduna ere izango den gizarte baten zorua jartzeko bokaziorik, eta horri arrisku handiak ikusten dizkiogu".
"Batez ere, erdalduna"
Parametro soziolinguistikoa aztertzerakoan, hitzaldiko gonbidatuak azpimarratu zuen Euskal Herria askotarikoa dela, baina "batez ere, erdalduna". Dentsitate handienak dauden lekuetan arreta jarriz gero, "euskararen ezagutzaren aldetik zailtasunak daude, eta erabileraren aldetik are eta zailtasun handiagoak".
Aitzitik, gaitasunaren faktorea ere mahaigaineratu zuen, Iñaki Iurrebasoren tesiari keinu eginez: "Gurea bezalako egoera diglosiko batean, gaur egun zenbat gara euskaraz erdaretan baino errazago aritzen garenok? Oso jende gutxi gara. Oso datu soziolinguistiko garrantzitsua da hori egungo egoera ulertzeko".
Ezaugarri batek "berdintzen" ditu Euskal Herri zabaleko herriak: "Hizkuntza minorizatu baten hiztun komunitatea gara, eta minorizazioa oso prozesu luzea da, mendeetakoa. Prozesu politiko bat da, egiturazkoa. Gizartean gertatzen diren beste gauza askorekin lortzen da, eta guztiok garraiatzen ditugu horren ondorioak".
Euskalgintzaren Kontseiluak euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan daudela iragarri zuen duela urtebete, eta Larrialditik indarraldira adierazpena egin zuen. Gogoeta horren nondik norakoak xehatzeko eskatu zion Izagirrek Eskisabeli: "Larrialdian gaude, baina itxaropenaren trakzio indarra jarri nahi dugu indarraldiarekin. Zoritxarrez, daukagun hedadura daukagu, eta batzuetan leku edo jende multzo batzuengana iristeko mugak ditugu. Baina gure ahalegina egingo dugu euskalgintza eta euskaltzaleen inguruan sentitzen den kezka handi hori beste batzuengana heltzeko".
Horren harira, abenduaren 27an "ekinaldi soziala" egingo du Kontseiluak, 17:00etan hasita, Bilbao Arenan. Ekitaldiaren nondik norakoen berri ere eman zuten herenegungo saioan.