Zarauzko Udalak jakinarazi duenez, herriko emakume batek eraso matxista bat jasan duela salatu du egunotan, eta erasoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu du erakundeak biharko. Lege Zaharraren Enparantzan egingo dute bilkura, 12:00etan hasita, eta herritarrei gertatutakoa salatzeko nahiz halakoen aurrean inolako tolerantziarik ez izateko deia egin die erakundeak.
Ertzaintzak Gukari adierazi dionez, joan zen igandean gertatu zen erasoa. Hain zuzen ere, emakume batek salatu zuen sexu askatasunaren kontrako eraso bat egin ziotela, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen. Poliziak asteartean atxilotu zuen erasoaren ustezko egilea, 23 urteko gizona, eta Azpeitiko Epaitegiaren esku utzi zuten.
Zarauzko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek adierazpena kaleratu dute, eta erasoa "irmotasunez" gaitzesteaz gain, gertatutakoaren aurrean samina agertu dute. Halaber, biktimari eta haren gertukoei babesa helarazi diete, eta berdintasunean oinarritutako gizartea lortzeko duten konpromisoari lotuta, herritarrei eraso sexista guztiei aurre egiteko deia luzatu diete.
Udaleko alderdien arabera, osotasun fisikoaren eta moralaren kontrako erasoa ez ezik, "giza eskubideen haustura larria eta jasanezina" ere badira halako gertaerak. Garbi laga dute: "Udal honek horrelako ekintzak arbuiatzen eta ulertezintzat jotzen ditu". Gainera, erakundeak gogorarazi du eraso sexualek eta sexistek gizartean –arlo pribatuan nahiz publikoan– presente dagoen indarkeria matxista islatzen dutela. Horren aurrean, emakumeentzat errespetuzkoak ez diren mota guztietako jokabideak arbuiatu ditu erakundeak, "keinu zein jarrera sexistak nahiz muturreko erasoak barne".