Autobusez sarri-sarri joaten da Zarauztik Zumaiara Ramon Aranzabal eibartarra (Gipuzkoa). Ia larunbatero. "Garai bateko autobusek hainbat kartel izaten zituzten, larrialdi irteera eta halakoak seinalatzeko. Haiei argazkiak egiten hasi nintzen, eta aizu, gustatu egin zitzaidan nola gelditzen ziren hizkiak paisaiaren gainean", kontatu du Zarautzen bizi den artistak. "500 argazki inguru izango ditut", zehaztu du. Haietako batzuk aukeratu, eta Larrialdietarako irteera izena duen erakusketa zabaldu du Zarauzko Garoa liburu dendan (Trinidad kalea, 7). Urtarrilaren 31ra arte bisitatu ahalko dituzte herritarrek Aranzabalen lanak liburu dendako erakusketa aretoan.
Erakusketako hormetan zuri-beltzeko argazkiak dira ugarienak, eta horiexek ditu gustukoenak berak; "zuri-beltzekoek serie bat osatzen dute, besteak solteak dira". Baditu koloretako argazki batzuk, baita ordenagailuz egindako irudiak nahiz eskuz margotutakoak ere. "Zuri-beltzekoak dira gehien interesatzen zaizkidanak, baina badago koloretako argazki polit bat ere. Emakume bat ikusten da, Getariako autobus geltokian autobusetik jaisten aterki laranja batekin. Une horretan argazkia atera nion, eta uste dut polita dela", kontatu du.
Orion tailerra
Ikatz-ziriekin egindako marrazkiak ere baditu erakusketan, Getariako eta Orioko arrantzontzienak: "Nire estilora margotuta daude", zehaztu du. "Ez dakit zenbateraino ikusten diren ontziak, xehetasunetara jo baitut, makilak-eta marraztera", azaldu du. Eskultura bat ere jarri du ikusgai. "Eskultura horretan oinarrituta", berriz, "eskailera arraro batzuk" sortu zituen ordenagailuz, koloretan, eta horiek ere zintzilikatu ditu koadroetan; lauko seriea da.
Garoan jarri duen hirugarren erakusketa da Aranzabalena, eta Ispilu Arten ere jarriak ditu bere lanak. "Flyschari buruzko erakusketa egin nuen han, kartoiak erabilita", oroitu du.
Aranzabalek Orion dauka estudio txiki bat, eta hainbat erakusketa egin ditu azken urteetan. Hala ere, bere burua ez du artistatzat. "Ni afizionatua naiz, zalea, artisaua, definizioren bat nahi bada", zehaztu du. Onena, herritarrek beraiek definitzea Aranzabal, haren azken sormen lana ikusi ondotik.