Aurten ere zientziaz eta teknologiaz ikasteko aukera izango da Modelo aretoan, Zarautzon elkarteari esker. Zarautzen Zientziaz Blai jardunaldia antolatu du elkarteak azaroaren 25erako. 19:00etan hasiko da saioa, eta 11. aldia izango du jardunaldiak. Xedea da gazteen artean zientzia eta teknologia dibulgatzea, herriko ikerlariei hitza emanez.
Horretarako, lau ikerlari gaztek urte hauetan landu dituzten lanez eta aurrera begirako proiektuez jardungo dute aretoan: Lukas Aranak, Janire Aranberrik, Oier Ijurcok eta Eneko Atxak parte hartuko dute. Aurtengo gonbidatu berezia Iban Ameztoi izango da.
Iban Ameztoi: "Satelite motez, horien ezaugarriez eta erabilpenaz jardungo dut"
Sateliteetatik erator daitekeen informazioari buruz hitz egingo du Iban Ameztoik, bere ibilbide profesionalean lantzen dituen gai ezberdinen inguruko adibideekin jantzita. "Azaletik bada ere, satelite motak, horien ezaugarriak eta horien erabilpena izango ditut hizpide; esaterako, larrialdien, muturreko fenomenoen, basoen edota ilegalak diren landaketen inguruan ariko naiz", argitu du Ameztoik.
Haren iritziz, egun hainbat dira gizartean "artifizialki edota era interesatuan desitxuraturik" dauden gaiak. "Informazio faltsua bor-borrean libreki" dabilela gehitu du ikerlariak, eta horren aurrean beharrezkotzat jo ditu zientzia dibulgatzea helburu duten Zientziaz Blai bezalako egitasmoak.
Lukas Arana: "Zientziaren mundua zein interesgarria den erakusten dute horrelako saioek"
Master Amaierako Lana izango du oinarri Lukas Aranak datorren asteko jardunaldian. Bertan, Hizkuntza Eredu Handiei –adibidez, ChatGPT– irudiak nola ulertarazi landu zuen Aranak. Horretarako, Latxa izan zuen oinarri, Euskararako Hizkuntza Eredu Handi bat, eta horri irudiak ulertzen irakasteko modu onena zein zen ikertu zuen berak. Euskararako testuetan berariaz entrenatua dago Latxa, eta testuan oinarritutako euskarazko zereginetan gaitasunak eta alternatiba itxiak erakusten ditu.
Ikerlariak esan du herri mailan zientzia dibulgazioa egitea "garrantzitsua" dela, "zientziaren mundua zein interesgarria den erakusten baitute ekitaldi hauek, zientzialarion lana gizarteratuz".
Janire Aranberri: "Ikerlari gazteak eta beraien lana ezagutzeko baliagarri da hitzordua"
Urte hauetan zehar gauzatu dituen ikasketez mintzatuko da Janire Aranberri. Orain arte egindakoa ez ezik, gaur egun zer lantzen ari den ere azalduko du Modelon biltzen direnen aurrean; horretarako, egun egiten ari den doktoretzaz hitz egingo du. Kimikan graduatua da, eta Kimika Aplikatuaren eta Material Polimerikoen inguruko tesia egiten ari da.
Zarautzen Zientziaz Blai jardunaldia herritarrentzat "oso interesgarria eta lagungarria" izan daitekeela uste du Aranberrik, batez ere, gazteentzat: "Adin horretako gehienek ikerketaren mundua oso urrun ikusten dute, baina horrelako jardunaldiekin mundu horretan dabilen jendea ezagutu dezakete". Saioak gazteak "motibatzeko" balio dezakeela dio.
Oier Ijurco: "Hizkuntza eredu handien arrazoiketa ahalmenaz hitz egingo dut"
Arrazoiketa, elkarrizketa sistemetako objektuen deskribapenen bidez izenburupean, Oier Ijurcoren ikerketak elkarrizketa sistemen –txatbot edo laguntzaile birtualen– hobekuntza du oinarri, zehazki objektu desberdinei buruz hitz egitean. "Gizakiok, testuingurua erabiliz, naturalki egiten dugu arrazoiketa hori, baina ez da hain erraza makinentzat. Horregatik, nire lanak hizkuntza eredu handiek (HEH) errazionamendu gaitasun hori nola lor dezaketen aztertzen du", azaldu du Ijurcok.
Astearteko jardunaldiari dagokionez, "oso proiektu positiboa" dela dio ikerlariak, "zientzia gizartera hurbiltzen duelako eta zientzialarien lanaren atzean dagoena partekatzeko aukera ematen duelako".
Eneko Atxa: "Adimen artifizialaz ariko naiz, modu dibulgatzaile batean"
Modu dibulgatzaile batean adimen artifiziala zer den eta sistema horiek nola ikasten duten azalduko du Eneko Atxak. Lehen azalpen horiek emanda, lanketa bere esperientziarekin lotuko du, ikerlariak animazioarekin egiten baitu lan. Zehazki, animazioaren sorkuntza automatikoan dihardu lanean Atxak. Aurreratu duenez, jendaurrean azaldu nahi du animazio datu multzo batetik sistema horiek nola diren gai pertsonak nola mugitzen diren ikasteko.
Haren iritziz, dibulgazioa oso tresna "potentea" da: "Ikasketa teknikoak aurrera eramateko orduan, gaitasuna baino garrantzitsuagoa iruditzen zait motibazioa, eta horrelako jardunaldiek horixe egiten dute, gazteak gerturatu".




