Zabaldu dute Kirol Sarietarako hautagaitzak aurkezteko epea

Intza Trula 2025eko azaroaren 19a

2025eko Kirol Sarien gala, Modelo aretoan. (Intza Trula)

Urteko kirolari hoberenak sarituko ditu beste urte batez Zarauzko Udalak. Kirol Sarien ekitaldia noiz izango den ere jakinarazi du: 2026ko urtarrilaren 28an izango da, Modelo aretoan.

Zarauzko Udalak, Kirol sailaren bitartez, 2025eko Zarauzko kirolari onenak omenduko ditu. Kirol Sarien ekitaldian egingo zaie aitortza, urtarrilaren 28an, Modelo aretoan. Aurretik, ordea, sarituak hautatzeko prozesua zabaldu du udalak, eta herritarrek kirolari gustukoenak aurkeztu beharko dituzte bertan.

Ondorengo kategoriak izango ditu aurtengo Kirol Sariak: emakumezko kirolari onena, gizonezko kirolari onena, emakumezko talde hoberena, gizonezko talde hoberena, entrenatzaile onena, kirol-babesle onena eta Kirola Bizi saria.

Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziaren esanetan, kirola "funtsezko ardatza da gure komunitatearentzat, balioak, osasuna, integrazioa eta tokiko harrotasuna sustatzen baititu". Halaber, Kirol Sariekin bi helburu bete nahi dituztela ere gogoratu du: "Batetik, Zarauzko kirol-maila hobetzen egunez egun dihardutenen ahalegina goratu nahi dugu; bestetik, herri gisa batzen gaituzten modalitate guztietan parte-hartzea bultzatu nahi dugu".

Hori horrela, hautagaitzak aurkezteko epea abenduaren 1era arte egongo da zabalik. Horretarako, kirola@zarautz.eus helbidera mezua bidali beharko da edota inprimakia Aritzbatalde kiroldegiko harreran bete. Ondoren, proposatutako hautagai guztien artean udalak izendatutako batzorde batek hautatuko ditu hautagaiak.

2006. urteaz geroztik antolatzen du udalak aitortza ekitaldi hau. Aurreko edizioan, besteak beste, honako hauek izan ziren sarituak: Ainitze Zumeta, Martin Sorreluz, Emakumea Surflari elkartea, Amenabar Zarautz Eskubaloia, Raul Parmo eta Jose Manuel Martinez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide