Malen Monasteriok bigarren egin du Espainiako Halterofilia Txapelketan

Intza Trula 2025eko azaroaren 17a

Malen Monasterio, Lucia Gonzalez eta Maria Olalla, Espainiako Txapelketa amaituta. (Fedehalter)

Lizardi aretoan jokatu dute sariketa asteburuan zehar. Urrea eskuratu zuen Monasteriok kolpe bakarrekoan, eta zilarra bi denborakoan; horrela, bigarren amaitu zuen sailkapen orokorrean, Lucia Gonzalezen atzetik. Mutiletan, berriz, Aaron Vallejo nagusitu zen.

Malen Monasterio ZKE Halterofiliako kideak ez zuen hutsik etxean jokatutako Espainiako Txapelketan, eta hiru domina eskuratu zituen proban. Asteburuan jokatu zuten kirol ekitaldia Lizardi aretoan, eta zarauztarrak urrea eskuratu zuen kolpe bakarrekoan, eta zilarra bi denboratan; eskuratutako emaitzei esker, bigarren amaitu zuen sailkapen orokorrean.

Hain justu, Lucia Gonzalez andaluziarra gailendu zen emakumeetan, 85,12 puntu lortuta. 80 kilo altxatu zituen kolpe bakarrean, eta 103 bi denboratan –183 kilo guztira–. Azken emaitza horrekin, Gonzalezek marka berria ezarri zuen bi denboratan Espainiako junior eta absolutu mailan. Malenek, berriz, 80 kilo altxatu zituen kolpe bakarrean, eta 98 bi denboratan –178 kilo guztira–, 82,79 puntu bilduta. Podiuma osatzeaz arduratu zen Maria Olalla katalana, 82, 64 punturekin. 86 kilo jaso zituen kolpe bakarrean, eta 114 bi denboratan –200 kilo guztira–. Azken emaitza horrekin, Olallak Espainiako marka berria ezarri zuen bi denboratan, 63 kiloko kategorian.

Mutiletan ere andaluziarrak eskuratu zuen urrezko domina: Aaron Vallejo izan zen irabazlea. 81,29 puntu eskuratu zituen guztira txapeldunak, eta bigarrenak, Erick Guadamud valentziarrak, 80,35 bildu zituen. Oscar Gomez galiziarrak osatu zuen podiuma, 76, 62 punturekin.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide