Omenaldi beroarekin inauguratu dute Espainiako Halterofilia Txapelketa

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 15a

Junior mailako halterofilia txapelketa jokatzen ariko dira gaur eta bihar artean, Lizardi kirol aretoan. Atzo iluntzean aurkeztu zuten kirol proba, hain zuzen, eta aurten zendu den ZKEko presidente Esteban Collantes izan zuten gogoan.  

Junior mailako halterofiliako Espainiako Txapelketa jokatzen ariko dira asteburuan zehar, ZKE Halterofiliak antolatuta. 20 urtez azpiko 145 gazte inguru ariko dira lehian, bakoitza dagokion kategorian, Lizardi kirol aretoan. 

Atzo iluntzean aurkeztu zuten kirol proba, hain zuzen, ekitaldi berezi baten bitartez. Lizardi aretoko harmailak goraino beteta, Jon Mendizabal ZKEko presidenteak, Inaxio Illarramendi Zarauzko Kirol zinegotziak eta Constantino Iglesias Espainiako Halterofilia Federazioko presidenteak izan zuten aurkezpenari hasiera emateko ardura. 

Mendizabalek hartu zuen hitza, lehenik eta behin antolakuntzari bere parte hartzea eskertzeko. "Aste asko daramatzagu lanean zuek, epaileek, entrenatzaileek eta, batez ere, kirolariek, eszenatoki paregabea eduki dezazuen. Orain, zuen txanda da", esan zuen presidenteak. Illarramendik jarraitu zion atzetik, eta txapelketa "Zarautz Kirol Elkarteak urte luzez egindako lanaren emaitza" dela nabarmendu zuen. Amaitzeko, Iglesiasek Zarauzko Halterofilia Elkartearen lana eskertu zuen, eta kirolari gazteak "halterofiliaren etorkizuna" direla azpimarratu zuen.

Jarraian, herri kirol erakustaldia eskaini zuen Mikel Lopetegi Urrak. Hain zuzen, 100 kiloko zilindroa eta 113 kiloko harri kubikoa altzatu zituen, bakoitza bi minutuko tandatan. Ikusleek adi-adi jarraitu zuten erakustaldia, harri jasotzaileari txaloak eskainiz uneoro. Amaitzeko, Urrak agurra eskaini zien bertaratutakoei, 100 kiloko harri esferikoa sorbaldan zuelarik.

Halterofiliak Zarautzen izan duen garrantzia erakusten duen ikus-entzunezko bat proiektatu zuten ondoren, besteak beste, belaunaldi ezberdinetako kirolariak erakutsiz eta modalitateak herrian izan duen garapena azalduz.

Aurkezpenari amaiera emateko, antolatzaileek gogoan izan zuten aurten zendu den eta 2008tik ZKEko presidentea izan den Esteban Collantes. Hain zuzen, bere familiartekoek eskaini zituzten esker oneko hitz batzuk. "Zarauzko Kirol Elkarteko Halterofiliako sailari, hunkituta bezain eskertuta gaude. Gure aita ere, Halterofilia bezalako elkarte txiki batetik zetorren, izan ere, xakean hasi zen bera", esan zuten Jokin, Maider eta Asunek, Collantesen senitartekoek. "Hamasei urte hauetan, Zarauzko kirola bultzatzeko, berak beti sinistu izan du elkarteen arteko elkarlanean, eta Zarauzko Halterofilia elkarlaguntza horren adibide garbia izan da", gehitu zuten. Omenaldi beroarekin amaitzeko, dantzariek agurra dantzatu zien familiako kideei, txistularien laguntzarekin.

Aurtengo Espainiako Txapelketa aurkeztuta, gaurtik bihar arte egongo dira lehian Lizardi aretoan. Lehenengo erakustaldiak goizeko 09:40ean hasi dira, eta hurrenak 14:20an, 16:40an eta 19:00etan izango dira, zehazki. Igande goizean ere izango da zer ikusirik, gizonezkoek goizeko 10:00etan hasiko baitituzte halterofiliako probak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide