Zarautzi buruzko gradu eta master amaierako lanak egiteko bekak eskatzeko epea, zabalik

Intza Trula 2025eko azaroaren 16a

Surflariak Zarauzko hondartzan. (Intza Trula)

21 eta 30 urte bitarteko zarauztarrek egin ahal izango dute eskaera, eta horretarako azken eguna abenduaren 10a izango da.

Gradu eta master amaierako (GRAL eta MAL) lanak burutzen laguntzeko bekak emango ditu aurten ere Zarauzko Udaleko Gazteria sailak. Zarauzko herriari lotutako lanak izango dira udalak diruz lagunduko dituenak; izan ere, ekimenaren helburua da unibertsitateko ikasketak egiten ari diren zarauztar gazteak animatzea ikasturte amaierako lanetan Zarauzko errealitateak aztertzera.

Hori horrela, proiektuek Zarauzko ekimenak, zerbitzuak, industria edota historia izan beharko dituzte oinarri. Udalak argitu du gehienez ere hamar beka emango dituela, mila eurokoa bakoitza. Gainera, prozesuaren amaieran ekitaldi bat egingo dute, hautatuak izan diren GRAL eta MAL aurkezpenak egiteko.

Beka 21 eta 30 urte bitarteko zarauztarrek eskatu ahal izango dute, eta beharrezkoa izango da Zarautzen erroldatuta egotea aurreko hiru urteetatik etenik gabe edo edo hamar urtez etenekin. Horrez aparte, 2024-2025 ikasturtean GRAL edota MAL ikasgaian matrikulatuta egon beharko da, eta proiektuak, gutxienez, 6ko nota izan beharko du –hori horrela izango ez balitz, ez da bekaren bigarren zatia emango eta lehenengoa itzuli egin beharko da–.

Beka eskatzeko azken eguna abenduaren 10a izango da, eta udaletxeko Herritarren Arrera Zerbitzuan zein egoitza elektronikoaren bitartez. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide