Jo eta ke ari zara lanean, eta horri esker maila goreneko txapelketetan parte hartzeko aukerak izaten ari zara. Hilabete hasieran, esaterako, Europako Junior eta U23 txapelketa jokatu zenuen Albanian. Fisikoki, zer moduz heldu zinen lehiara?
Horren aurretik jokatu nuen Munduko Txapelketarako prestaketa gogorra izan zen, eta, ondorioz, Europako Txapelketara nahiko nekatuta heldu nintzen. Oso jarraian izan ziren biak, eta ez nuen nahi adina deskantsatu.
Aitzitik, maila ezin hobean zaudela berretsi zenuen, zilarra eta brontzea eskuratu baitzenituen. Harro egoteko moduko emaitzak dira, ezbairik gabe.
Nekea dela eta, kostatu egin zitzaidan txapelketa horrek eskatzen zuen mailari heltzea, eta nahi baino emaitza kaskarragoekin itzuli nintzen etxera. Halere, kontziente naiz emaitza potoloak direla; gustura egoteko modukoak, alegia.
Gehiago emateko gogoarekin geratu al zinen?
Pozik amaitu nituen lanak, eta harro nago, maila horretako txapelketa jokatzeko aukera edukitzeagatik bakarrik. Aste gogorrak izan ziren aurrekoak, nekea pilatu zitzaidan, eta nabaritu egin nuen sariketan.
Aste batzuk lehenago Norvegian izan zinen, Munduko Txapelketan. Lehen aldia zenuen bertan. Nolakoa izan zen prestaketa prozesua?
Uztailaren hasieran ekin nion Munduko Txapelketa prestatzeari. Atsedena hartzeko nahiko denbora nuen, eta horri esker, oso indartsu sentitu nintzen prestaketa osoan zehar. Gainera, nire lehenengo nazioarteko txapelketa zen, eta oso-oso motibatuta nengoen, lanerako gogo handiarekin. Kanpora ere joan nintzen formatzen jarraitzeko: irailean Errendimendu Handiko Zentrora (EHZ) joan nintzen, Madrilera, eta bi astez egon nintzen bertan, entrenatu eta entrenatu. Goizez zein arratsaldez izaten genituen saioak, eta egunak nire taldekideekin partekatzeko aukera izan nuen. Elkar lagundu eta animatu genuen, eta horrek ere asko lagundu zidan. Handik bueltan bi aste geratzen zitzaizkidan Norvegiara bidaiatu aurretik, eta hemen [Zarautzen] jarraitu nuen geratzen zitzaidan guztia fintzen.
Onenetan onenak bildu zineten bertan. Zer moduz ikusi zenuen zure burua maila horretako kirolarien aurrean?
Oso neska urduria naiz, eta txapelketa guztien hasieran sufritzen dut urduritasun horretaz; beraz, imajinatu Munduko Txapelketan. Hala eta guztiz ere, uste dut sentimendu horiek modu egokian bideratzea lortu nuela, eta esango nuke urduritasunak ez zuela ondoriorik izan nire txapelketan. Aurretik egindako lan guztia erakutsi ahal izan nuen epaileen zein ikusleen aurrean, eta hori oso pozgarria da kirolari batentzat.
Salto handia nabaritu zenuen orain arte jokatu dituzun txapelketekin alderatuta?
Zalantzarik gabe. Adibidez, eszenatokia oso ezberdina zen, eta begiratzen nuen lekura begiratzen nuela, sekulako maila zuten kirolariak ikusten nituen. Sare sozialetan jarraitzen ditudan emakumeen aurka jokatu nuen, niretzat inspirazio iturri direnen aurka; une horretan ohartu nintzen bide onetik noala, eta lan guztiak merezi izan zuela.
Zazpigarren postua eskuratu zenuen kolpe bakarreko modalitatean, eta bederatzigarrena bi kolpetakoan, junior eta absolutu mailako marka berriak ezarriz.
Ez nuen batere espero emaitza horiek eskuratzea, egia esan. Nazioarteko txapelketa batek nola funtzionatzen zuen ikusi nahi nuen, esperientzia bizi eta disfrutatu. Bide batez, egiteko gai nintzen guztia erakutsi nahi nuen, baina ez nuen helburu finkorik buruan. Ez nituen inondik inora ere emaitza horiek espero, ez nuen uste hain ondo ibiliko nintzenik aurkari gogor horien aurka. Lanean jarraitzeko sekulako bultzada eman zidan Munduko Txapelketan lortutakoak.
Asteburu honetan duzu datorren erronka, Espainiako Txapelketa. Gogotsu al zaude?
Gogotsu nago, noski, baina egia da nekatuta ere banagoela. Hilabete gogorrak izan dira, txapelketa asko jokatu ditut bata bestearen jarraian, eta, ondorioz, denboraldia amaitzeko gogoa ere badut. Asteburuko txapelketarekin agurtuko dut aurtengo denboraldia.
Etxean jokatuko duzu. Ondorioz, ohi baino estres handiagoa sentitzen al duzu?
Motibatu egiten nau Zarautzen jokatzeak, etxekoen, lagunen eta klubeko kideen babesean. Kanpoan lehiatzen dudanean sumatzen dut ingurukoen hutsune hori, eta aste honetan denak nire alboan izango ditut. Lasai hartuko dut, eta ahalik eta gehien gozatzen saiatuko naiz. Etxeko giroa aprobetxatu nahi dut denboraldiari amaiera polit bat emateko.