Bihartik hasi eta igandera arte, junior mailako halterofiliako Espainiako Txapelketa hartuko du herriak, ZKE Halterofiliak antolatuta. 20 urtez azpiko 145 gazte inguru ariko dira lehian, bakoitza dagokion kategorian, Lizardi kirol aretoan atonduko dituzten bi tarimatan.
Guztira, 64 mutil, 81 neska, 90 entrenatzaile eta 22 epaile bilduko dira kirol egitasmoak, eta halterofiliaren etorkizuneko kirolarien erakuslehio izango da, zalantzarik gabe. Zarauztik sei ordezkarik hartuko dute parte: Lide Mendizabal, Lore Mendizabal, Ainhoa Urkiola, Alex Balenziaga, Mara Monasterio eta Malen Monasterio; azken honek, gainera, zazpigarren postua lortu du berriki Munduko Txapelketan eta zilarrrezko zein brontzeko dominak lortu ditu Europako Junior Txapelketan.
Txapelketaren irekiera ofiziala bihar arratsaldean egingo dute, 20:00etatik 20:30era, ekitaldi berezi eta hunkigarri batekin. Bertan, aurten zendu den ZKEko presidente Esteban Collantes omenduko dute. Omenaldian hartuko dute parte Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak, Jon Mendizabal ZKEko presidente berriak eta Constantino Iglesias Espainiako Halterofilia Federazioko presidenteak.
Illarramendik adierazi du azken urtetan ZKE Halterofilia eta Zarauzko Udala ibilbide bat egiten ari direla elkarlanean, eta horren fruitua dela Espainiako Txapelketa herrian antolatzea. "Klubetik lortzen ari diren emaitzak nabarmenak dira, eta hori ez da zorte kontua, baizik eta atzetik egiten den lanaren ondorioa", azpimarratu du zinegotziak. Halaber, gaineratu du udaletik saiatu direla beharrezko instalazioekin hornitzen eta pisuzko txapelketak antolatzen; iaz, esaterako, 16 eta 18 urtez azpiko kluben artekoa egin zuten. "Oraingoan junior mailakoa ekarri dugu, eta espero dugu aurrerantzean ere maila handiko txapelketak finkatu ahal izatea Zarautzen, kirolari erreferenteak ditugula kontuan izanda".
Belaunaldien topaketa
Antolakuntzak nozbait halterofilia praktikatu duten herritarrei gonbidapen berezia luzatu die, asteburuan txapelketara gerturatu eta beren belaunaldiko kideekin argazki atera dezate. Argazki orduak honako hauek izango dira: 50eko hamarkadan jaiotakoak, larunbatean, 11:30ean; 60ko hamarkadakoak, larunbatean, 14:00 etan; 70eko hamarkadakoak, larunbatean, 16:00etan; 80ko hamarkadakoak, larunbatean, 18:30ean; 90ekoak, larunbatean, 21:00ean; 2000ko hamarkadan jaiotakoak, igandean, 11:00ean; eta 2010eko hamarkadakoak, igandean, 13:00ean.