Joan den ostiralean inauguratu zuen Zarauzko Argazkizale Elkarteko argazkilari eta batzordekide Jokin Izarrek Gertutik erakusketa Torre Luzea aretoan, eta gustura agertu da irekieran izan zuen harrera onarekin. "Jende asko bertaratu zen, familiakoak, lagunak eta bazkideak, eta, egia esan, dena ongi atera zen", nabarmendu du. Erakusketa bat bakarka ondu duen estreinako aldia du, eta, normala denez, urduritasun apur bat bazuen, baina behin erakusketa zabaldu eta jendearen komentarioak entzun ostean, lasaitu egin zela dio. "Ez nuke esango erantzukizunik sentitu dudanik. Hala ere, hori bai, ez nuen aurkezten nuen proposamenarekin trakets geratu nahi".
Gertutik izenburuak agerian uzten du erakusketako argazkien intentzioa: zooma edo hurbiltze argazkia bezalako teknikak erabilita, xehetasun handiko irudiak erakustea, hain zuzen ere. Kasu honetan, askotariko intsektuak, landareak eta loreak bildu ditu egileak. Askotariko gaiak jorratzen baldin baditu ere, nagusiki natur gaiak ditu begiko Izarrek, eta horiexek lehenetsi ditu erakusketa ontzeko orduan. "Zarauzko intsektuei buruzko blog bat dut; 300 espezie inguru daude, ongi sailkatuta. Beraz, horietako batzuk paperera pasatu ditut orain, erakusketan paratzeko", jakitera eman du.
Momentua betikotzen
Normalean, Izarrek beti darama kamera gainean, eta aurreikusi gabeko edozein momentu iruditzen zaio egokia irudiak hartzeko. "Nire aurrera intsekturen bat ateratzen bada edo landare baten hostoek arreta pizten badidate, argazkia egiteko baliatzen dut unea". Filosofia argi bat ere badu, beretzako oso baliagarria dena: "Nik normalean ez dut bilatzen argazkia, argazkiak bilatzen nau ni".
Eta nola moldatzen da intsektuak eta loreak horrenbesteko ñabardurarekin jasotzeko? "Nire kamera oso xumea da. Ez da reflexa ere. Kontua da 2x30 optikoko zoom oso ona duela, eta horrek ahalbidetzen dit ikaragarri hurbiltzea. Beste batzuetan, ordea, zooma erabili gabe, ni neu gerturatzen naiz... Horrelakoetan zailagoa izaten da, zeren gehiegi gerturatzen bazara, intsektuek ihes egiten dute", esan du argazkilariak.
Badirudi, argazki egokiena lortzeko, itxaroten jakitea edo pazientzia izatea bertute bat dela. Aitzitik, Izarrek dio bereak ez direla "estudioko argazkiak", baizik eta bat-batekoak direla, "momentuan ateratakoak". Ibili-ibilian, bata zein bestea ikusten jakitea eta kamerarekin klik egitea; hori da gakoa. "Lagun batek esaten dit guztia ikusten dudala, eta nik erantzuten diot paseatzen ari naizen bitartean eskaneatzen aritzen naizela ingurua. Normalean, ibiltzera joaten naizenean ideia finkorik gabe irteten naiz, zeri argazkia aterako diodan jakin gabe. Inolako aurreikuspenik gabe abiatzen naiz, alegia".
Gisa horretan eginak dira Torre Luzea aretoan jaso dituen 33 argazkiak; guztiak Zarauzko parajeetan ateratakoak, bat izan ezik –Fuerteventuran (Kanariak, Espainia) ateratako lore batzuen irudia–. Naturazaleek eta argazkizaleek, beraz, proposamen ederra dute Gertutik erakusketarekin; datorren urtarrilaren 4ra arte egongo da ikusteko aukera, asteartetik igandera, 18:00etatik 20:00etara.