Zarauzko Bikote Mistoen Krosak ospea lortu du modalitate horretan, eta, hain zuzen ere, 46. aldiz jokatuko dute proba hori hilaren 30ean. Beste urte batez, Zarautz Rugby Taldeak antolatu du, eta aurtengo berrikuntza datan dagoela azaldu du klubeko lehendakari Mikel Larrañagak: "Aurten ohiko datatik astebete aurreratu dugu proba. Izan ere, abenduaren 8a jaieguna izanik, lasterketa egun horretan jokatuz gero, parte hartzea gutxitu egingo litzatekeela pentsatu genuen, jendea kanpora joaten delako".
Iaz bezala, aurten ere bertan behera utzi dute gaztetxoen proba, "parte hartze eskasa zuelako eta trafikoa denbora luzeagoz moztuta egotea" eragiten zuelako. Helduen probak 7,8 kilometroko ibilbidea izango du, eta 11:00etan hasiko da Aritzbatalde kiroldegitik. Dortsalak, aldiz, Aritzbatalde frontoian jaso beharko dira; larunbatean, 16:30etik 18:30era, eta igandean, 09:00etatik 10:30era.
Parte hartzaileek hiru itzuli egin beharko dituzte ibilbidean zehar: lehenik, kiroldegitik atera eta Zelaiondotik igaroz, Gipuzkoa kalerantz joango dira, bertatik Musika Plazara iristeko; ondoren, Herrikobarra kalean zehar, Salberdinera joan eta berriro kiroldegitik igaroko dira; bigarren itzulia luzeena izango da, eta Gipuzkoa kaletik jarraitu beharrean, Mitxelenatik joango dira San Pelaioko geltokian buelta eman eta berriro Musika Plazara joateko; eta azken itzulian, hiruretatik motzena, Gipuzkoa kaletik jarraituz, Lege Zaharren Enparantzan izango dute helmuga.
Parte hartze handia
Parte hartzeari dagokionez, dagoeneko 500 bikotek eman dute izena proban. Antolatzaileek, hala eta guztiz ere, iazko 790 bikoteen zifra gainditzeko asmoa dute. "Behobia-Donostia lasterketa izan da duela gutxi, eta uste dugu hori prestatu duen jendea animatuko dela beste proba batean parte hartzera", kontatu dute.
Proban parte hartzeko interesa dutenek oraindik izena eman dezakete herrikrosa.eus atari digitalaren bitartez. Aurrez 30 euroko kostua du izen emateak, eta probaren egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da, 33 euroren truke. 16 urtetik gorako edonork parte har dezake lasterketan, eta bikotekidea ez dutenak antolatzaileekin jar daitezke harremanetan arazo hori konpontzeko. Era berean, herritarrak boluntario gisa laguntzeko prest egonez gero, antolatzaileekin jar daitezke harremanetan, Instagram bitartez.
Lasterketako lehen hiru sailkatuentzat egongo da saria, baita lehen hiru bikote zarauztarrentzat ere. Gainerako parte hartzaileek lasterketako elastikoa, salda eta txorizo pintxoa jasoko dituzte. Hori ez ezik, hainbat sari zozkatuko dituzte lasterkarien artean.
Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak Zarautz Rugby Taldea egiten ari den lana eskertu du. "Horrelako proba garrantzitsu bati berriro indarra eman diote, eta urtetik urtera hobetzen ari da Bikote Mistoen Krosa", esan du.